Dabid Lazkano

Txinako segurtasun legeak baditu lehen atxilotuak Hong Kongen

Hong Kong Txinara baldintzekin itzuli zeneko 23. urteurrena eta Pekinen segurtasun nazionalaren legea indarrean jarri den eguna. Protestetan ehunka izan dira atxilotuak, hauetatik hamar bat lege zorrotz berriaren pean. Hauetako bat independentziaren aldeko ikurra eramateagatik.

 Manifestazioak debekatu arren, milaka atera dira kalera Hong Kongen. (Dale DE LA REY/AFP)
Manifestazioak debekatu arren, milaka atera dira kalera Hong Kongen. (Dale DE LA REY/AFP)

Desafioa bota die Txinak Hong Kongeko oposizioko gazteei segurtasun nazionalaren legea kolonia britainiarra izan zenaren itzuleraren 23. urteurrenean indarrean jartzean. Eta desafioak eusteko botatzen dira.

Pekinek «desafio jasanezintzat» jo zuen Hong Kongeko oposizioak estradizio lege-proiektuaren aurka iazko erdialdean hasi zuen matxinada eta auziarekin amaitzeko inposatu du segurtasun nazionalaren legea.

Hong Kongeko Gobernuak gaurko manifestazioak debekatu dituen arren, milaka izan dira kalera atera direnak. Eta ehunka atxilotuak.

Hauen artean gutxienez zortziri lege berria aplikatuko zaie, bati kolonia zenaren independentziaren aldeko ikurra eramateagatik.

Segurtasun legeak 10 urtetik bizi arterainoko kartzela zigorrak aurrikusten du lau delituentzat: «separatismoa», «subertsioa», «terrorismoa» eta «kanpoko eta atzerriko indarrekin elkarlana».

«Terrorismoaren» barruan garraiobideen aurkako sabotajeak sartzen dira. Hong Kongeko metroa askotan geldiarazi izan dute manifestariek aurreko hilabeteetan.

«Separatismoaren» eta «subertsioaren» aldeko ekintzak, baketsuak izanda ere, lege horren pean zigortuko dituzte.

«Kanpoko eta atzerriko indarrekin elkarlana» delituan Hong Kongeko Gobernuari gorrotoa adieraztea sartzen da.

Are gehiago, «atzerriko indarrak atzetik dituzten» ekintzak, «egoera larria» eragiten dutenak edota  «Estatuaren segurtasunari berehalako mehatxu» egiten diotenak Txinako auzitegi batek epaituko ditu, auziperatuak estraditatu ondoren.

Txinako sistema judiziala guztiz itxia da. Atxiloketak ezkutuan egiten dira, tratu txarrak ohikoak dira giza eskubideen aldeko erakundeen hitzetan eta kasuen %99an auziperatua zigortu egiten da.

Hong Kongen ere tribunal bereziak eratuko dira, Gobernuak epaileak izendatuta, delitu hauek epaitzeko.

Azkenik, Txinak segurtasun nazionala bermatzeko «Bulego» bat eratuko du Hong-Kongek, guztiz autonomoa, eta bertako agintarien aurrean erantzungo ez duena.

Hori bai, azkenean Pekinek erabaki du legeak ez duela atzeraeraginik izango. Bost axola, zakua betetzen hasi da gaur bertan eta nahiko lan izango dute auzitegiek, Hong Kongek eta Pekinek.

Ongi etorriak «Herrialde bat, (In)justizia Sistema bakarra» eredu duen Hong Kongera.