Huntzak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hiru abesti grabatu dituzte elkarrekin

Huntza sinfonikoaz gozatu ahal izango dute zaleek uda honetan, Euskadiko Orkestrarekin egin duen elkarlanari esker. Fernando Velazquez zuzendariaren aginduetara hiru kantu grabatu dituzte: ‘Lasai lasai’, ‘Olatu bat’ eta ‘Aldapan gora’.

NAIZ|2020/07/02
Huntza_ose
Huntza eta EOS Fernando Velazquezen aginduetara aritu dira. (NAIZ)

Apirilean Izarorekin hiru bideoklip egin ostean, Euskadiko Orkestrak Huntzarekin grabatutako beste hiru bideo kaleratu ditu orain.

Fernando Velazquezen zuzendaritzapean 2019ko azaroan grabatu zituzten euskal rock taldearen kanta ezagunenetako hiru, eta orain argitaratuko dira ETBn eta Euskadiko Orkestraren sare sozialetan, «herriko festarik gabeko eta agertoki huts ugariko ezohiko uda honen hasiera animatzeko».

‘Lasai lasai’, ‘Olatu bat’ eta ‘Aldapan gora’ bideoklipak ostegun honetan, ostiralean eta larunbatean estreinatuko dira, hurrenez hurren.

Ekimena duela bi urte jarri zen abian Zea Mays eta Doctor Deseorekin. Helburua, erreferentziazko euskal artistak alor sinfonikora eramatea. EOSek adierazi duenez «fenomeno birala izan zen eta oraindik ere aipatu bideoak milaka pertsonak ikusten ditu sareetan».

Josune Arakistain eta Uxue Amonarriz Huntzako kideek jarri diote ahotsa eta trikitia hiru kantu ezagunei. Esperientzia «oso polita» izan dela adierazi dute. «Batetik, Fernando Velazquezek konponketak sekulakoak dira eta bestetik, hainbeste pertsona biltzen dituen orkestrak eman die forma gure abestiei», esan du Arakistainek.

Velazquezen esanetan esperientzia sinfoniko honetan «bertsio bereziak eta era berean oso dibertigarriak egin ditugu, originalak bezala».