NAIZ

Super Amara Bera Berak sei lagunarteko konfirmatu ditu aurredenboraldirako

Donostiako taldeak aurredenboraldia planifikatu du jada. Abuztuaren 12an aurreneko lagunartekoa jokatuko du Gascan Zubileta Evolution BM Zuazoren kontra eta Bilbon amaituko du abuztuko azken asteburuan. Tartean, Uneatlantico Pereda, Valladolid, Granollers, Gijon eta Merignac izango ditu aurkari.

Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzailea aginduak ematen. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzailea aginduak ematen. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Super Amara Bera Berak jokalarien zerrenda eta entrenatzaile zein laguntzaileena zehaztuta du dagoeneko. Ligako egutegia ezagutzen du ere eta irailaren 4tik 6ra Kopa jokatzea aurreikusita dagoenez, Donostiako taldeak aurredenboraldia planifikatu du dagoeneko.

Imanol Alvarez entrenatzaileak prestakuntzako fase honi garrantzi handia eman nahi izan dio. Izan ere, alarma egoeragatik bertan behera gelditu zen Kopako fase finalarekin (Alhaurin de la Torre) hasiko litzateke denboraldia irailaren 4ean. Gainera, Guardes eta Malaga izango ditu aurkari Liga hasieran eta Europako kanporaketa nahiko argudio dira ondo prestatuta egoteko. Xabier Gorrotxategi prestatzaile fisikoak aste hauetarako lan saioak prestatu ditu jokalariak uztailaren 27rako, deituta daudenerako, alegia, ahalik eta ondoren iriste aldera.

Hala, Bera Berak abuztuaren 12an, 17.30ean, aurreneko lagunartekoa jokatuko du Gascan Zubileta Evolution BM Zuazoren kontra. Abuztuaren 15ean –Gipuzkoan lekua zehazteke-, gipuzkoarrek igo berri den Santanderreko Uneatlantico Pereda izango dute aurkari. Bera Berak Lakuako Gobernuak ezarritako neurriak beteko ditu, segurtasun aldetik, protokoloak eta jende kopuruena ere bai (%60a).

Udazkenean egin zuen bezala, Bera Bera Lerinera itzuliko da abuztuaren 19an Aula Alimentos de Valladolid taldearen aurka jokatzeko. Hau da, hiru aurkariek A multzoan bat egingo dute donostiarrekin Ligako aurreneko fasean. Antza, ez du aurkaririk errepikatuko abuztuan.

Bera Berak eta KH7 BM Granollersek bat egingo dute abuztuaren 22an Zaragozako Maria de Huerva herrian (19.00etan). Amaitzeko, Zubileta Evolution BM Zuazo, Liberbank Gijon eta Frantziako Merignac handball taldeak Donostiako taldearekin elkartuko dira Bilbon. Abuztuaren 28an eta 29an ospatuko da txapelketa, baina oraindik partiden eta ordutegien berri ez dago. Abuztuan beste partidaren bat joka lezake Bera Berak.