NAIZ

Gure Zirkuak Orion ekingo dio 2020ko birari uztailaren 17an

Portugaldik ekarritako karpa berriari esker segurtasun neurria beteta, hilaren 17an hasiko du Gure Zirkuak denboraldi berria. Orion izango du kokaleku iraunkorra udan eta zortzi emanaldi iragarri dituzte. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

Gure Zirkua ateak irekitzera doa. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Gure Zirkua ateak irekitzera doa. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

«Lehen bi biretan 65.000 ikusle baino gehiago erakarri ondoren, Gure Zirkua prest da hirugarren urteari ekiteko; inork gutxik esperoko zukeen testuinguruan, baina zailtasunei aurre egin eta beste behin ere zirkuaren magia zabaltzeko gogo betez». Hala adierazi dute arduradunek ohar baten bidez.

‘Egoera berrira’ egokitzeko hainbat neurri eta erabaki hartu dituzte. Batetik, karpa handiagoa eskuratu dute. «Aurreko biretan erabilitakoaren halako bi da, banakako eserlekuak izango dituena, eta bizikidetza-unitateen artean gutxieneko 1,5 metroko gutxieneko distantzia fisikoa errespetatzea ahalbidetuko duena», argitu dute.

Garbiketa eta desinfekzioa behar bezalakoa izan dadin, Gure Zirkuak eguneko emanaldi bakarra eskainiko du oraingoz.

Udan kokaleku egonkorra izango du.«Orion abiatuko dugu 2020ko bira eta oraingoz, eta gauzak ondo, abuztu amaiera arte bertan jarraitzeko asmotan», diote.

Nolanahi ere, eta testuingurua aldakorra denez, emanaldiak pixkanaka iragarriko dira, eta unean-uneko osasun-egoeraren arabera erabakiko dira aurrera begirako urratsak.

Orioko Mendibeltz futbol zelaiaren ondoko berdegunean izango dute interesatuek karpa zain. Uztailaren 17an, 18an, 19an, 22an, 23an, 24an, 25an eta 26an iragartzen dira saioak 19.00etan. Sarrrerak jada internet bidez eros daitezke www.gurezirkua.eus webgune berrian.