NAIZ

Laura Cornelius antolatzaile herbeheretarra da Gernikaren hirugarren fitxaketa

Antolatzaile postuan jokatzen du, Zamarat taldetik dator, eta Mario Lopez entrenatzaileak azaldu duenez «jaurtiketa bikaina dauka eta ohi baino tamaina handiagoko antolatzailea da, beraz, aukera asko eskeiniko dizkigu gure jokoan».

Corneliusen fitxaketa aurkezteko Gernikak erabili duen argazkia (GERNIKA)
Corneliusen fitxaketa aurkezteko Gernikak erabili duen argazkia (GERNIKA)

Laura Cornelius da Lointek Gernika Bizkaiaren hirugarren fitxaketa datorren denboraldirako. Herbeheretarra da, 24 urte ditu eta antolatzaile postua indartzera dator Bizkaiko taldera.

Cornelius Zamarat taldetik dator eta iaz egin zuen debuta Emakumezkoen Ligan. Aurrez, Amsterdameko goi errendimenduko zentro batetik irten ondoren, Estatu Batuetara joan zen bere formakuntzarekin jarraitzeko.

NCAAn, Miami Hurricans taldean, hiru denboraldi jokatu zituen, urtez urte bere jokoa eta estatistikak hobetuz. Baina Zamoran lehiatu zen lehen aldiz maila profesionalean, eta bere zenbakiak aipagarriak izan ziren: 8,5 puntu, 3,8 errebote eta 2,3 asistentzia bataz beste 29 minututan.

Antolatzailearen dohairik nagusiena bere urrutiko jaurtiketa da: iazko sasoian hirukoetan %40,3ko portzentaia lortu zuen. Cornelius bere herrialdeko harrobiko selekzioetan ohikoa izan da eta 24 urterekin Herbeheretako selekzio nagusiarekin jokatu du dagoeneko.

Klubak zabaldutako adierazpenetan aitortzen duenez, Gernikako «zaleen indarrak» harritu egin zuen iaz Zamorako elastikoaren Malostera etorri zenean. «Berezia izan zen», gehitu du.

«Ohore bat da Lointek Gernika Bizkaian jokatzea, azken denboraldian bikain jokatu zuen taldea izan zen eta horregaitik lortu zituzten hain emaitza onak Emakumezkoen Ligan eta EuroCupen», esan du herbeheretarrak.

Mario Lopez oso pozik azaldu da Laura Corneliusen fitxaketarekin: «Antolatzaile posturako profil desberdineko jokalari baten bila genbiltzan Itzirekin batera jokatzeko. Corneliusek jaurtiketa bikaina dauka eta ohi baino tamaina handiagoko antolatzailea da, beraz, aukera asko eskeiniko dizkigu gure jokoan. Gainera, izaera handiko jokalaria da eta hobekuntza asko dauka aurretik Emakumezkoen Ligan debuta egin ostean».

Fitxaketa honekin talde gernikarrak antolatzaile postua lotuta dauka Itziar Ariztimuñoren kontratu luzapenarekin eta puntualki Roso Buch etorri berriarekin. Lointek Gernika Bizkaiak zortzi jokalari ditu sinatuta 2020/2021 denboraldiari begira: Laura Cornelius, Paula Ginzo, Belen Arrojo, Marta Alberdi, Nogaye Lo, Itziar Ariztimuño, Margaret Roundtree eta Roso Buch.