Zinemaldiaren 1977ko edizio borrokalaria gogora ekarriko du Artiumek erakusketa batean

Gutunak, argazkiak, agiriak eta ikus-entzunezkoak, asko inoiz ezagutzera eman gabeak, Donostiako Zinemaldiari errotiko aldaketa ekarri zuen edizioaren berri emango dute datorren irailean Gasteizko Artium museoan zabalduko den erakusketan. 1977eko edizio hura politika esperimentazioko laborategia izan zen.

NAIZ|2020/07/07
Captura_de_pantalla_2020-07-07_a_las_12.19.30
Buñuel eta Saura 1977ko edizio hartan. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

Frankismoaren osteko lehen urte haietan, Donostia Zinemaldiaren eraldaketaren abiapuntua izan zen 25. edizioa, zinema eta politika esperimentazioko laborategi bihurtu baitzen, gizarte-borroka handiko garaia izanik. Artiumen irailaren 9tik abenduaren 8ra ikusgai egongo den erakusketan, Zinemaldiaren artxiboko materialak egongo dira ikusgai, asko inoiz ezagutzera eman gabeak, tartean, gutunak, agiriak, argazkiak eta aldizkariak.

Pablo La Parra Perez erakusketaren komisario eta Elias Querejeta Zine Eskolako (EQZE) ikerketa-saileko arduradunaren hitzetan, «1977. urtean, Donostia Zinemaldiak 25 urte bete zituen, baina edizio hura urteurrena bainoago borrokarako gunea izan zen: hiriak aurrenekoz kudeatu zuen jaialdia, eta aldarrikapen politikorako plataforma bihurtu zen, zinema-jaialdi demokratiko berri bat sortzeko». Hala, «Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerketa-proiektuaren harira topatutako artxibo-materialetatik abiatuta, erakusketak errotiko aldaketa ekarri zuen urte horri erreparatzen dio».

Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak, zinema jaialdiaren artxibo bizi bat sortzeko asmoz, elkarlanean abian jarri duten 'Zinemaldia 70: historia posible guztiak' proiektuaren barnean sortu den egitasmo berria da hau. Proiektuaren lehen fasea, Estatuko Loteria eta Apustuak erakundeak babesten duena, 2022an amaituko da, Zinemaldiaren 70. urteurrenarekin bat.

Zinemaldiaren artxibo bizia
Z70 proiektuak agerian jartzen du 1953az geroztik Zinemaldiaren artxiboan gorde diren funts dokumentalen garrantzia (eskutitzak, argazkiak, kritikak eta aipamenak egunkari eta aldizkarietan, liburuak, etab.). Helburu nagusia da hausnarketa bat piztea jaialdiaren iragan, orain eta etorkizunaren inguruan, bai eta zinema sorkuntzarekin eta pentsamendu garaikidearekin kritikoak diren elkarrizketa batzuk bultzatzea ere.

Proiektu honetarako, Zinemaldiaren artxiboko material guztiak Tabakalerara eramango dira eta, bertan, aztertu, prestatu eta katalogatu egingo dituzte, Euskadiko Filmategiaren instalazioetan ondo kontserbatuko direla bermatzeko.

2022an, artxiboan kontsultak online nahiz aurrez aurre egiteko aukera eskainiko zaio publikoari, eduki digitalizatuen bilduma baten bidez. Funtsen kontsultaren parte izango dira foku tematiko batzuk, EQZEko graduondoko ikasle talde batek eginiko ikerketa batean oinarrituak. Lan hori Pablo La Parra Perez ikertzaileak zuzendu du eta Zinemaldiko sail guztien laguntza izan dute ikasleek.

Ikerketaren fokuetan arreta bereziz landuko dira Zinemaldiaren historiako pasarte ezezagun edo argitaratu gabeak. 2022ra arte, emaitzak ezagutzera emateko, aldibereko eta elkarrekin lotutako bi lan-ildo planteatu dira. Alde batetik, ikerketa espezializatuko materiala sortuko da (artikulu akademikoak, kongresuetarako aurkezpenak, argitaratzeko proiektu propioak, mintegiak, etab.), zinema ikasketen alor akademikoko azken garapenekiko elkarrizketa kritiko bat sustatzeko.

Bestalde, ekitaldi publikoak egingo dira (hitzaldiak, erakusketak eta ikastaroak), publiko zabalagoetara bideratuak, esaterako, Artiumeko erakusketa, EQZEko ikerketa-taldeak 2018-2019 ikasturtean egindako ikerketaren emaitzetako batzuk biltzen dituena.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.