NAIZ

Harrobiko lau jokalarirekin hasiko du aurredenboraldia Bera Bera eskubaloi taldeak hilaren 27an

Eskuin hegalari June Ruiz de Gauna; ezker alboko jokalari Malen Moraindeira; June Del Campo jokalari polibalentea eta Amaia Zolezzi zentrala. Lau jokalari hauek deitu ditu Imanol Alvarezek hilaren 27rako Bidebietan, aurtengo Super Amara Bera Bera abian jarriko den egunerako.

Lau jokalari gazte arituko dira Bera Berarekin. (SUPER AMARA BERA BERA)
Lau jokalari gazte arituko dira Bera Berarekin. (SUPER AMARA BERA BERA)

Azken urteetako aurredenboraldietan bezala, Bera Berako taldearekin batera harrobiko jokalariak izango dira lanean. Aurten lau izango dira, bi senior eta beste bi jubenil mailan arituko direnak.

Senior mailako bi jokalariek minutu batzuk jokatzeko aukera izan dituzte partida ofizialetan. Malen Morandeira urnietarrak, 16 urte zituela, 2019ko urtarrilean egin zuen –urrian 18 beteko ditu- Bidebietan Helvetia Alcobendasekin. Egiatik etorritako 20 urteko June Ruiz de Gaunak Tolosan jokatu zuen aurreneko partida Europako lehiaketan Suizako LK Zug taldearekin eta Maitane Etxeberria mina hartuta zegoela Conservas Orbe BM Porriñoren aurka jokatu zuen Ligan, hurrengo astean Bidebietan ere bai, Balonmano Salud Teneriferi bere lehenengo gola sartu ziolarik.

Bestetik, 2003an jaioa, June Del Campo kadete mailan lehenengo lerroan aritu da eta jubeniletan ezker hegalean ere bai. Bertan kokatu du gehienetan Imanol Alvarezek Bera Berarekin jokatu dituen lau lagunartekoetan udazkenean: Bidebietan Tolosako jubenilekin eta Merignacen aurka eta Zuazorekin, Lerinen eta Oñatin. Lorena Blanco, bere ama, jubenil taldetik iritsi zen ohorezko mailan debutatu zuen taldera 1990-91ean eta beste denboraldi bat ere egin zuen, Tati Garmendia lehen taldera igo zenean.

Amaia Zolezzik 17 urte ditu. Zentrala argia da eta lehen taldearekin lehenengo esperientzia biziko du aurtengo udan. Imanol Alvarez eta Alex Noguesek jokalari gehiago deituko dituzte entrenamenduetara urtean zehar eta udazkeneko etenaldian ere bai.

Bestetik, Zilarrezko Mailan arituko dira Yune Bermejo eta Leire Arrizabalaga Elgoibarko Sanlo taldearekin eta ziur aski, ikasketak medio, Ainhoa Larrañaga atezaina Bartzelonara joango da.