NAIZ
Donostia

Donostiako AHTren geltokia eraikitzeko lanak hasi dituzte

Abiadura Handiko Trenarentzat geltokia eraikitzeko lanak hasi dituzte Donostian, topografia lanekin eta okupatu behar duten gune bat hesiekin itxiz. 80,4 milioi euroko aurrekontua dute lanek eta 2022. urtearen hasieran martxan egongo dela aurreikusten du Lakuako Gobernuak.

Topografia lanekin hasi dira Atotxako abiadura handiko geltokiaren eraikuntza lanak. (IREKIA)
Topografia lanekin hasi dira Atotxako abiadura handiko geltokiaren eraikuntza lanak. (IREKIA)

Donostiako Atotxako abiadura handiko geltokiaren lanak hasi dituzte gaur, Lakuako Gobernuak adierazi duenez. Lakuari dagokio eraikuntza, Sustapen Ministerio espainiarrak 2017an Gipuzkoako tartea gauzatzeko agindua eman ondoren. «Euskal Y» delakoaren hiru terminaletatik lehena izango da, ohar batean nabarmendu duenez.

Obrek 80,4 milioi euroko aurrekontua (BEZ barne) eta 42 hilabeteko egikaritze epea dute; Eptisa Cinsa-Jon Montero ABEEari dagokio eraikuntza, eta «tren zerbitzuarekin une oro jarraitzea bermatzen dute». Hori dela eta, lanak hainbat fasetan egingo dira, betiere behin-behineko trenbide bikoitza martxan egon dadin. Lanak mendebaldetik (Urumea aldea) ekialdera (Egia aldea) aldatuko dira, obraren beharren arabera.

Lehenengo lanak topografiari dagozkionak izango dira, obra ezartzeko, okupatu beharreko guneak hesiz ixteko eta bulegoak prestatzeko. Obra gehienak trenbidearen jabari gunean egingo direnez, «ez dute eragin handirik izango» herritarrengan.

Horietako bat Mundaiz kalea 18 eta 24 zenbakien artean moztea izango da, uztailaren amaierarako; bertan zeuden Autocares Diez enpresaren kotxetegiak eta xaboi fabrika zaharra. Toki horretan prestatuko da trenbideko desbideraketetarako trenbide plataforma. Gune horretan obrara sartzeko puntu bat egongo da, eta mozketa puntualak egingo dira Federico Garcia Lorca pasealekuko errei batean. Era berean, 950 metro karratuko azalera hartuko da, obrako kanpaleku eta pilaketa lanak egiteko, Epaitegietako plazan, Kalkutako Teresa plazaren ondoan.

Heldu den azaroan hasiko dira eraikitzen Frantzia pasealekua, egungo geltokiaren eta ondoko hotelaren artean, Blas de Otero plazako etxebizitzen urbanizazioarekin komunikatuko duen behin-behineko oinezkoen pasabidea. Pasabide goratu horrek igogailuak izango ditu irisgarritasuna bermatzeko, eta «Brandeburgoko atearen» atzealdean dagoen gaur egungoa ordeztuko du. Egungoa 2021eko udaberritik aurrera itxi eta eraitsiko da. Egiako lur azpiko igarobidea une horretara arte egongo da irekita. Oinezkoentzako pasabide berria martxan jartzen denean, itxi egingo da, baina hori ere ez da 2021eko udaberria baino lehen izango.

Behin trenbideak egungo terminalera lekuz aldatu eta gero, Tabakalera-Egia aldean behin-behineko geltoki bat eraikitzeko lanak hasiko dira. Nestor Basterretxea plazatik izango du sarbidea, eta behin-behineko nasetara heltzeko aukera emango du. Geltoki berriaren parte bat terminal berriaren behin betiko beheko atari gisa aprobetxatuko da geroago; 7.400 metro karratuko azalera izango du, eta trenbide berrien azpian egongo da. Estalkiak, berriz, Tabakalera eta Egia auzoa Donostiako erdigunearekin lotuko dituen 5.700 metro karratuko plaza handia sortuko du; eta autobus geltokia abiadura handiarekin edo aldirietako trenekin ere lotuko du.

Aurreikuspenak betetzen badira, behin-behineko geltokia 2022. urtearen hasieran hasiko da zerbitzua ematen, Lakuaren kalkuluen arabera.