NAIZ

Monzonen etxean, «lehenengo aberria, gero alderdia» aldarrikatu du Otegik, EAJren aurrean

Bergarako Olaso dorrean naziotasuna eta erabakitzeko eskubidearen aldarria egin du asteazken honetan Arnaldo Otegik. EH Bilduren marka «lehenengo aberria, gero alderdia» dela azaldu du, EAJk «elkarlan estrategikoa guztiz baztertu duen» garai honetan.

Otegi eta EH Bilduren hautagaiak, Olaso Dorrearen aurrean. (EH Bildu)
Otegi eta EH Bilduren hautagaiak, Olaso Dorrearen aurrean. (EH Bildu)

Abertzaleen arteko elkarlana aldarrikatu du EH Bilduk asteazken honetan, toki oso adierazgarri batean: Bergarako Olaso dorrea, horren aintzindari izan zen Telesforo Monzonen etxean, hain zuzen ere. Esannahi handiko lekua da ezkerreko independentismoarentzat: esaterako, bertan aurkeztu zuen Bergara Proposamena delakoa 2003an, Estatuko hauteskundeetarako aliantza abertzalea eskainiz.

Besteak beste, Nerea Kortajarena Gipuzkoako hautagaia, Martin Garitano Gipuzkoako aldun nagusi ohia eta Jose Luis Elkoro Bergarako alkatea historikoa eta frankismoaren osteko Alkateen Mugimenduko ordezkaria egon dira Arnaldo Otegiren agerraldi honetan. EH Bilduren marka «lehenengo aberria, gero alderdia» dela nabarmendu nahi izan du. Eta hori islatzeko zera gogorarazi du: «Guk Maroto kanporatu genuen Gasteiztik eta Arabatik, eta Gasteizko alkatetza EAJk eskuratzea ahalbidetu genuen, eta gauza bera egin dugu Guardian eta beste herri batzuetan».

EAJk, aldiz, alderdia lehenesten duela kritikatu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak: «Abertzaleen arteko elkarlan estrategikoa guztiz baztertu du, bai eta aukera hori zapuztu ere –egiaztatu du–. Gaurko EAJko buruzagiek ez zuten Lizarra gustuko, ez eta Ibarretxe Plana ere», ekarri du gogora. Gasteizen eta Bastidan gertaturikoaren aurka Pasaia eta Andoain aipatu ditu Otegik, bi horietan EH Bildu boz gehien zuen indarra izan arren EAJk PSEri eman ziolako alkatetza.

Bergarako abertzale handiaren erreferentziari heldu dio gero. «Monzonek, abertzaletasunaren erreferente nagusietako batek, Errepublika eta gerra garaian EAJren erreferente ere izan zenak, abertzale eta subiranista guztiok gutxieneko programa bat adostea nahi izan zuen beti, baina Trantsiziotik hona, Lizarra-Garaziko salbuespenarekin, EAJk inoiz ez du batasuna horren aldeko apusturik egin. Penaz esaten dugu, baina hori da errealitatea», deitoratu du Arnaldo Otegi.

Jende gutxik dakien anekdota batetik abiatua da Otegi. Jose Antonio Agirreren aita bergararra zen eta horregatik txikitan lehendakaria izango zena eta Telesforo Monzon elkarrekin jolasean ibiltzen ziren hortik. Gobernukideak izan ondoren, bakoitzak bere hautu politiko propioa egingo zuen baina lagunak izaten jarraitu zuten gero, eta Agirre zendu zenean hil-kapera Monzonek Donibane Lohitzunen zuen etxean jarria izan zen.