Asier AIESTARAN

Zazpi txapelketek osatuko dute, gutxienez, aurtengo Jai Alai World Tour zirkuitua

Markina-Xemein, Lekeitio, Hondarribia, Gernika, Donostia, Bartzelona eta Berriatua dira lehiaketa hartuko duten pilotalekuak printzipioz, baina antolatzaileak lanean ari dira Mutriku eta Zumaia ere zerrendara gehitu daitezen.

Aurtengo edizioa Bilbon aurkeztu dute gaur eguerdian (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Aurtengo edizioa Bilbon aurkeztu dute gaur eguerdian (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Jai Alai World Tour zesta punta zirkuitua Markina-Xemeinen abiatuko da, ostiralean, uztailaren 10ean, eta, covid-19ak eragindako egoerak formatua eta egutegia aldatzea ekarri badu ere, egutegia abendura arte luzatuko da, gutxienez zazpi txapelketarekin eta munduko zestalaririk onentsuenekin.

Une honetan baieztatuta dauden txapelketak Markina-Xemeingo Masterra (uztailak 10, 16 eta 19), Lekeitiokoa (irailak 4 eta 6), Hondarribiko Grand Slama (irailak 18 eta 25 eta urriak 2, 9 eta 16), Gernikakoa (urriak 10, 17, 24, 26 eta 31), Donostiakoa (azaroa), Bartzelonako Opena (azaroa) eta Berriatuako Banakakoa (abendua) dira. Gainera, antolatzaileak lanean ari dira beste txapelketa batzuk aurrera ateratzeko, Mutrikuko Open eta Zumaiako Masterra, adibidez.

Munduko Pilota Batzarrak antolatzen du Jai Alai World Tour zirkuitua eta asteaken honetan aurkeztu dute aurtengo edizioa, Bilboko Ola Martin Berasategui jatetxean. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Fernando Azkarate Munduko Pilota Batzarreko presidenteak eta Mikel Egiguren Jai Alive enpresako arduradunak hartu dute parte, besteak beste, zenbait puntista ere bertan zeudela.

Denboraldia aurrera ateratzeagatik pozik

Azkaratek nabarmendu duenez, zailtasunak zailtasun, «maila handiko» zirkuitua osatu da. Baieztaturiko zazpi txapelketei «seguruena beste proba batzuk» gehituko zaizkiela adieraziz. «Horrekin batera, nabarmendu behar dugu munduko puntista onenak izango ditugula gurean. Besteak beste, Imanol Lopezek, Goikoetxeak, Aritz Erkiagak, Diego Beaskoetxeak, Xabier Barandikak, Lekerikak, Olharanek eta Zulaikak dagoeneko baieztatu dute etorriko direla».

Era berean, Munduko Pilota Batzarreko presidenteak Kepa Arroitajauregi zenak egindako ekarpena oroitu eta eskertu nahi izan du bere agerraldian. Arroitajauregi Munduko Pilota Batzarreko zuzendari teknikoa zen, eta maiatzaren 21ean hil zen, 48 urte zituela.

Zupiriak, bere aldetik, nabarmendu du garrantzitsua dela Jai Alai World Tour aurten ere egin ahal izatea: «Une honetan, kirolaren eta pilotaren alde har dezakegun neurririk onena da normaltasuna pixkanaka berreskuratzea, betiere segurtasun neurriekin zorrotz jokatuz».

Jai Alai World Tour zirkuitua duela sei urte sortu zela gogoratu du, eta «oso pozik» daudela jasotzen ari den harrerarekin. «Horregatik, garrantzizkoa zen aurten ere egin ahal izatea. Behin zirkuitua antolatuta, orain oso garrantzitsua da zaleak frontoietara etortzea eta, hala egiten dutenean, segurtasun baldintzak errespetatzea», esan du.

Uztailean jokatuko diren lehen partidak, esaterako, %60ko edukierarekin jokatuko dira, eta ikusleek maskarilla eraman beharko dute.