Bilbo Hiriak bere lizentzia ukatzen diotela gogorarazi dio Urkulluri

Bilbo Hiria irratiak «euskaldun entzuleoi Ser kateak lapurtutako» FM 92.7 lizentziagatik galdetu dio Iñigo Urkullu lehendakarigaiari. Urte bat igaro denean, eta euskal irrati honek salatzen duen legez, Ser-ek ez du euskarazko irratirik martxan jarri, Bilbo Hiria irratiari alegaltasun egoerara behartu zaion bitartean.

NAIZ|2020/07/09
Bilbohiria
Bilbo Hiriaren 20. urteurreneko saio berezia. (BILBO HIRIA)

Bilbo Hiria irratiak gaur plazaratutako idatzian zera gogorarazten du, 2012ko FM irrati lizentziak EAEn banatzeko lehiaketa bertan behera utzi zuela Eusko Jaurlaritzak berak, 2012ko abenduan. 2019ko otsailaren 26an, berriz, Lakuak lehiaketa hartan emandako lizentziei onespena eman eta 17 esleipen eman zituen.

Esleipen horien artean, Bilbo Hiria irratiak 2012an bere euskarazko irrati proiektua aurkeztutako lau frekuentziak zeuden. Hau da, 88.5 frekuentzia (Bilbao Radio 7 SL edo Radio 7-ri emandakoa); 90.1 frekuentzia (Bilbao Eusko Media SL-ek jasotakoa; hau da, Onda Vascak); 92.7 frekuentzia (Bilbao Sociedad Española de Radiodifusión SL-eri eman zitzaiona; hau da, Ser enpresari) eta 95.1 frekuentzia, Bilbao RK 20 SL-era joan dena (Radio María).

Erabaki horrek Bilbao Hiria irratiaren harridura eta haserrea eragin zituen. «Izan ere, jakina denez, Sociedad Española de Radiodifusion (SER) enpresak aurkeztutako euskarazko irrati proiektuari euskarazko irratientzako gordetako bi lizentzietako bat esleitu zion Jaurlaritzak, 92.7 frekuentzian», irratiak aipatutakoaren arabera.

Frekuntzia horretako lizentzia bat Ser enpresak jaso zuen, eta euskararako gordetako bestea NAIZ irratiak eskuratu zuen.

Urte baten buruan, hau


«Urtebete baino gehiago igaro da eta Ser kateak ez du frekuentzia horretan euskarazko irratirik martxan jarri –salatu du Bilbo Hiria irratiak–. Denok genekien ez zuela Ser kateak inolako asmorik euskarazko irrati proiekturik martxan jartzeko, baina Jaurlaritzak ezarritako legezko epea igaro da eta dagoeneko denok egiaztatu ahal izan dugu hori. Bitartean, Bilboaldeko euskaldunoi lizentziadun euskarazko irrati bat entzun ahal izateko aukera (erreserba horretan jasota zegoena) ukatu zaigu. Bitartean, 92.7 frekuentzia horretan –SERek gezurrezko euskarazko proiektua aurkeztuta eskuratu izan ez balu– lizentzia eskuratuko zuen Bilbo Hiria irratiari lizentzia ez edukitzeak kaltea sortu dio denbora honetan guztian, guztira 23 urtez alegaltasunean sortu dion bezala».

Hau dela eta, Bilbo Hiria Irratiak zera galdetu dio Lakuari, «ea egiaztatu duen arestian aipatu esleidun horrek benetan euskarazko irrati proiektua abian jarri duen. Jakin nahi genuke, halaber, zeintzuk izango diren, esleidunak hala egin ez duela egiaztatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak ofizioz abiaraziko dituen izapideak, lizentzia esleidun horri kendu eta aipatutako lehiaketan ondorengo postuetan geratutako euskarazko proiektuari esleitzeko».

«Denbora honetan guztian hitz on asko entzun ditugu Eusko Jaurlaritzako arduradunengandik –jarraitzen dute–. Gurekiko bidegabekeria izan dela aitortu digute, hitzez, behin baino gehiagotan. Baina, hitzez beste, egintzarik ez da egon orain arte, eta gu nekatuta gaude. Urteak joan dira egoera bidegabe honetan eta horrek zor historikoa sortu du denbora honetan guztian bere ahalegin propioaz aurrera egin duen Bilbo Hiria irratiarekiko».

Galdera zuzen eta publikoak egiten dizkiote, beraz, Iñigo Urkullu hautagaiari: «Euskaldun entzuleoi eta irratigileoi gezurrezko euskal proiektu baten bidez kendutako 92.7 frekuentziaren lizentzia noiz bueltatuko digu? Bilbo Hiriari eskubidez eta legez dagokion lizentzia, errekonozimendua eta Bilboaldeko euskaldungoak hain beharrezkoa duen trinkotze lanean bere gizarte eta kultura ekarpena duintasunez egiten jarraitu ahal izateko beharrezkoak dituen (eta lizentziarik ez edukitzeagatik ukatuak izan zaizkion) dirulaguntzak noiz emango zaizkio?».

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.