NAIZ

Datorren ikasturtean gutxienez irakaskuntzaren %75 aurrez aurrekoa izatea nahi du EHUk

Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak ‘Irakaskuntza eta ikaskuntza planifikatzeko orientabideak’ izeneko dokumentua onartu du gaur, erakundeak 2020-2021 ikasturtean izango dituen jarraibideak ezartzen dituena. Orientabide horietan jasotakoaren arabera, EHUk gutxienez irakaskuntzaren % 75 aurrez aurrekoa izatea nahi du.

EHUko Leioako campuseko liburutegia. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU).
EHUko Leioako campuseko liburutegia. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU).

EHUko Gobernu Kontseiluak gaur onartutako dokumentuan ezarritako orientabideen xedea «irakaskuntza presentzialari eustea» da, «baina hura distantziamendu sozialera, edukiera mugatura eta neurri higieniko-sanitarioetara egokituta».

Neurri horiek «malguak» izango direla adierazi dute, eta aldatu egin ahal izango direla, egoerak zer bilakaera duen kontuan hartuta. Edonola ere, dokumentuak oinarrizko bi premisa ditu abiapuntutzat: batetik, presentzialtasun handia mantentzea eta kalitatezko unibertsitate irakaskuntza eskaintzea, eta bestetik, ikasleen zein langileen osasunaren babesa bermatzea.

Oinarri horien arabera, eta kontuan hartuta osasun agintarien aginduak, EHUk neurri hauek ezarri ditu, eta nahitaez bete beharko dira: jende pilaketak saihestea, sarrera eta irteera ordutegiak mailakatuz edo ikasgelako gehieneko edukierak ezarriz, besteak beste; gutxienez 1,5 metroko segurtasun tartea errespetatzea, eta horrelakorik egin ezin den kasuetan, maskara erabiltzea; ikasleek 2 ordu baino gehiago maskara jantzita igaro ditzaten ekiditea, denbora muga hori gainditzen denean 15 minutuko atsedenaldiak utziz; ikastegien barruan ikasleen mugimendua mugatzea, ahal den neurrian; ikastegi bakoitzean egokiak diren babes, garbiketa eta desinfekzio neurriak aplikatzea.

Irakaskuntzari dagokionez, ikaskuntza gehienbat presentziala eskola telematikoekin osatzea aurreikusten da, eta gomendioa da talde eta lauhileko bakoitzeko gehienez 2 irakasgaitan ematea eskolak birtualki bakarrik, eta gehienez 15 kreditutan, master tituluen kasuan. Era berean, gomendatzen da eskola presentzialak lehenestea modalitate praktikoetan, azalpen eta maisu izaerako modalitateen aurrean.

Jarduera presentziala ahal den guztietan ziurtatzeko ahalegin horretan, ikastegietako espazioak berrantolatu beharko direla dio dokumentuak, eta irakaskuntzako txandak ezarri. Irakaskuntza modalitate praktikoetan (laborategiak, tailerrak, etab.) eremu horietan igarotako denbora optimizatu nahi dute. Erabateko presentzialtasuna ezinezkoa bada, instalazio horiek esperimentua edo dena delako jarduera egiteko beharrezko denbora tartean bakarrik erabiliko dira.

Bestalde, curriculumeko kanpo praktikak erakunde laguntzaileekin izenpetuta dauden hitzarmenetan ezarritako baldintza beretan mantenduko dira, eta praktikak egingo diren erakunde edo enpresetan aurreikusitako neurriak errespetatu beharko dira.

Ebaluazioari dagokionez, modu presentzialean egin beharko da. Edonola ere, «normaltasun berriaren» salbuespenezko eta ezusteko inguruabarrak direla eta, dokumentuakk gomendatzen du irakasgai guztietan ebaluazio jarraitua planteatzea; «horrela, hainbat proba, entregatzeko lan eta ariketa egingo dira eskolaldiak iraun bitartean, eta horien bidez ikasitakoaren ebaluazio jarraitua egin ahal izango da». Horrez gain, irakasgai guztietan ebaluazio ez-presentziala egiteko aukera bat proposatu beharko dela dio EHUko Gobernu Kontsailuak onartutako gidak.