Nuria Lopez

Sizilia, Mare Nostrum mitikoko dama

Luigi Barzini ‘Italiarrak’ lanaren egilearen arabera, «Sizilia da italiarrak ezagutzen hasteko lekurik onena, bere dohain eta akats guztiekin, beren gehiegikeria eta askotariko koloreekin». Zalantzarik ez izan, beti itzuli nahi den leku horietakoa da Mare Nostrum mitikoko dama.

Sirakusako alde zaharra. (GETTY IMAGES)
Sirakusako alde zaharra. (GETTY IMAGES)

Sizilia, Mare Nostrum mitikoko dama handia, Messinako itsasartzeak banatzen du kontinentetik, eta Itsaso Jonikoak, Tirreniar itsasoak eta Mediterraneoak bustitzen dute. Bere kokapen geografikoa, aldi berean, bere bedeinkapena eta bere kondena izan da. Antzina, mundu ezaguna Mediterraneotik harago ia hedatzen ez zenean, Afrika eta Europa arteko bidegurutzea izan zen. Feniziarrak, greziarrak, erromatarrak, normandiarrak, bizantziarrak, espainiarrak, britainiarrak eta frantsesak igaro dira bertatik, Siziliako monumentuetan, tradizioetan eta gastronomian arrastoa utziz eta siziliarraren izaera melankolikoa, mesfidatia, zinikoa, fatalista, alaia, sentsuala, eskuzabala eta estoikoa osatuz.
 
Mediterraneoko uharterik handieneko biztanleak herritar baino lehenago izan dira beti meneko, garaitu baino lehen zapaldu. Horrenbestez, harrotasunaren eta ohorearen zentzu sendoa landu dute menderatuak izatearen laidoari aurre egiteko. Ohorea’, horra hor askok siziliar mafia deiturikoarekin lotzen duten hitza. Hollywoodeko estudioek gaiari buruz sortutako filmografia oparoari esker, mundu osoan ezaguna egin da siziliar mafia, baina, egiari zor, ez du zinemak soilik zabaldu bere ospea. Izan ere, hamarkada luzez, asko hitz egin da albistegietan mafiaren inguruan etengabeko kontu garbitze eta hilketen ondorioz. Zalantzarik ez izan, Siziliako gizartea konplexua eta kontraesankorra da. Baina baita oso interesgarria ere horretxegatik beragatik. 

Pandemiaren aurrean

Historian zehar une gogorrak bizitzera ohitutako uhartea da Sizilia, gaur egun mundu osoan koronabirusaren krisiak eragin dituenak bezalakoak. Pentsa, hain zuzen ere Italia izan da pandemiak gogorren astindutako Europako herrialdeetako bat.

Agerraldiaren gune nagusia herrialdearen iparraldean kokatu da, eta, hegoaldea, Sizilia tartean, Lonbardia bezalako eskualdeetan izandako hildako eta kutsatu kopuru kezkagarrietatik oso urrun geratu da. Hala ere, Siziliak ere jasan ditu konfinamenduak ekarritako geldialdi ekonomikoaren ondorioak. Uhartea egoerari aurre egiten saiatzen ari da uneotan, turismo proposamen deigarri eta interesgarri batekin: agintariek hegazkin-txartelaren %50 eta ostatu kostuen %33 ordainduko diete bisitariei. Sustapenean berrogeita hamar milioi euro inbertitzea aurreikusi dute agintariek Italiako eta nazioarteko turistak erakartzeko.

Luigi Barzini Italiarrak’ lanaren egilearen arabera, «Sizilia da italiarrak ezagutzen hasteko lekurik onena, bere dohain eta akats guztiekin, beren gehiegikeria eta askotariko koloreekin». Zalantzarik ez izan, beti itzuli nahi den leku horietako da Sizilia. Presarik gabe, dena lehen kolpean ezagutu nahi gabe. Dastatu egin behar da, gorputz askoko ardo beltz usaindun batekin egiten den bezala, tentuz eta presarik gabe.

Sirakusa ahaltsua

Uhartearen hego-ekialdean dago K.a. 734an sortuko Sirakusa. Hiri txiki ederra da, baita iraganera bidaiatzeko Siziliako hiririk egokiena ere. Uharteko greziar kokaleku garrantzitsuena izan zen, Artemisari sagaratua, animalia basatien eta birjintasunaren jainkosari. Bi mende inguruz, mundu ezaguneko hiribildurik boteretsuenetakotzat hartua izan zen. Gaur egun, bere alde zaharra, Ortigia, Siziliako edozein ibilbidetan nahitaezko geldialdia da. Hiriaren gune arkeologiko zabala ere ezinbestean bisitatu beharreko lekua da.

Denbora Sirakusan etenda geratu zela dirudi. Mila istorio eta sekreturen zaindaria da hiria. Liskar, maitasun, gorroto eta mendekuen lekuko eta konplize. Dama zahar bat bezalakoa da Sirakusa: bere edertasunari eusten dio denboraren joan-etorriek utzitako aztarnen gainetik.

Erraza da iraganeko pertsonaiak kale estuetan barrena imajinatzea, gaur egun zahartuta baina xarmaz beterik ageri diren txokoak. Eguzkipean lehortzen jarritako arropez betetako eraikin xumeak, jauretxeak, den-denak denboraren joan-etorriak tindatuak, den-dena berdintzen duen joan-etorria. Kaleotan barrena galtzea da Sirakusako esentziarako bidaiatzeko modurik onena.

Andre batek zumezko saski bat bota du, soka bati lotuta, eraikin zahar bateko 5. solairutik, eta auzoko emakume batek bi ogi barra eta tomate lata bat sartzen dizkio bertan. Erosketak egiteko modu adimentsua, etxera igotzeko eskailera amaigabeak saihesteko modu ezin hobea. Bien bitartean, auzoko bizarginak aurreko eguneko futbol partida komentatzen du bezeroarekin, eta bikote batek espresso bat hartzen du taberna bateko terrazan. Mundu guztiak gainontzeko guztiez dena dakiela dirudien hiri bateko bizimodu lasaiaren iragate geldo eta patxadatsua.

Ortigia uhartea, lur finkoari eta hiri modernoari bi zubiz lotuta dagoena, Sirakusaren bihotza izan zen 2.700 urtez. Duela gutxira arte hilzorian zen monumentuz betetako auzoa zen, baina azken urteotan zaharberritze lan handia egin dute, eta hotelen eta jatetxe xarmagarrien irekierak ostatu hartzeko gune ezin hobe bihurtu du. Harresi defentsibo baten gaineko pasealeku ederrak uhartearen ekialdeko kostalde osoa zeharkatzen du, urre koloreko ilunabarraz gozatzeko balkoi ikusgarria bailitzan. Eskailera aldapatsuei esker, gainera, bainulariak hondartza txikiren batera jaitsi daitezke, edo harkaitz handietara joan, eguzkia hartu eta ur gardenez gozatzera.

Ponte Nuovo zubiak Piazza Pancali eta Largo XXV Luglio enparantzara eramango gaitu, non Apoloren tenpluaren zati bat altxatzen den (K.a. 565), greziarrek uhartean eraikitako lehen tenplu doriar garrantzitsua. Inguruko kaleetan, plazaren iparraldean, arrainak, espeziak, hestebeteak, olibak... ezin konta ahal siziliar gutizia erosteko aukera eskaintzen duen azoka bizia dago. Oinez 10 minutura Piazza del Duomo ederrera iritsiko gara, monumentu garrantzitsu ugari hartzen dituena, tartean, noski, katedrala bera. Gauez plazak xarma berezia bereganatzen du argiztapen zainduari esker. Hiriak eta bertako monumentuak Siziliako bisitaren indarguneetako bat badira ere, zalantzarik gabe, ezin albo batera utzi uharteko naturgune ikusgarriak.


Suzko mendia

Greziar mitologiaren arabera, Hefestok bere sutegiak Etna sumendiaren barnean ezkutatzen zituen, eta Tifon munstroak suzko mendiaren azpian egiten zuen lo, etengabeko ke eta laba erupzioak eraginez. Antzinako zibilizazioek beti jo izan dute mitologiara naturaren botereak azaltzeko, hain ahul sentiarazten zituzten ama lurraren botereak. Eta egia da bisitaria ezdeus sentitzen dela sumendi honen indar eta handitasunaren aurrean. Munduko aktiboenetako bat da eta ia denbora guztian dago  erupzioan. 3.340 metroko garaierarekin Europako bigarren sumendi altuena da Teideren ondoren. Erregistratutako lehen erupzioa K.a. 475ean izan zen. Eta harrezkero ehunka izan dira. Beste sumendi batzuk ez bezala, erdigunetik eztanda egin beharrean, alboetatik pitzatzen da Etna, eta, horrek, urteen joanean, 350 krater baino gehiago agertzea eragin du.

Etna da Siziliako mirarietako bat, baita bisitari gehien erakartzen dituen gunea ere. New Yorken pareko azalera hartzen du eta bere inguruak ikusgarriak dira. Sumendiari justizia egiteko, bi egun beharko ditugu gutxienez inguruok ezagutzeko. Nahitaezkoa da gailurrera igotzea, eguraldiak uzten duen bezain gora behintzat. Bisitariak ilargiaren pareko paisaia aurkituko du, baita ikuspegi ikusgarriak ere. Goiko hegaletara hegoaldetik edo iparraldetik igo daiteke, Piano Provenzati eski estaziotik iparraldetik, eta Rifugio Sapienza aterpetxetik hegoaldetik. Autoz edo autobusez iritsi daiteke puntu batzuetara eta, bertan, lur orotako ibilgailuetan txangoak kontrata daitezke. Aterpetxetik teleferikoz ere igo daiteke, eta, ondoren, azken zatia minibusez egin. Aterpetxetik bertatik irtenda, lau orduko ibilbide ederra ere egin daiteke oinez. Hori bai, krater nagusiaren ertzera gerturatzea debekatuta dago 1979ko erupzioetan bederatzi lagun hil zirenetik. Inguruotan bizi izan ziren arabiarrek Gebel Utlamat ('suzko mendia') deitutako sumendira goizean goiz gerturatzea da onena.

Pago, mahasti, laranjondo eta almendrondo sailez estalitako sumendiaren beheko hegal emankorrek ere bisita bat merezi dute, zalantzarik gabe. Ibilbide zirkular bat egin daiteke sumendiarekiko paraleloan doan errepidearen batetik, edo, nahiago izanez gero, Circumetnea trena hartu. Ibilbidean zehar milaka urteko herriak, zubi erromatarrak eta laba zintzurrak aurkituko ditu bisitariak.

Mare Nostrum

Mare Nostrum, horrela deitzen zioten erromatarrek Mediterraneoari, Europako, Asiako eta Afrikako herrialdeetan arrasto nabarmena utzi duten zibilizazio garrantzitsuen aterpe izandako itsasoari. Mediterraneoaz hitz egitea kulturaz, gastronomiaz, arteaz, tradizioez, historiaz hitz egitea da, baina baita txoko ezin ederragoez, ekosistemez, naturaz eta, jakina, uraz eta itsasoaz ere. Hondartza ederrez eta paisaia ikusgarriz betetako 1.500 kilometroko kostaldea, horixe da bidaiariak Sizilian aurki dezakeena. Edertasun iraunkor eta anitza.

Uhartearen hegoaldean, Agrigentoko Tenpluen Haranetik oso gertu, Scala dei Turchi (Turkoen eskailerak) izeneko hondartza ikusgarria dago, turkesa tonalitate guztiak barnebiltzen dituzten urez bustia. Bertako izarrak, baina, kareharrizko labar zuri ikusgarriak dira, marmol kolore distiratsuagatik nabarmentzen direnak. Hollywoodeko edozein ekoizpen handi filmatzeko moduko toki ikusgarria da, tuparriz osatua, hau da, funtsean kaltzita eta buztinez osatutako sedimentazio harriz. Uharte osoan bakarra den leku honetako bisitariek, arroka buztintsuekin igurzten dituzte gorputzak, dirudienez, larruazalarentzat onuragarriak diren propietateak baitituzte. Mamuen pare gorputz zuri-zuriak paseatzen, bainatzen eta eguzkia hartzen biltzen dira bertan herritarrak, ikuspegi pribilegiatuak dituen bainuetxe natural berdingabean.

Siziliako kostaldea lasai-lasai zeharkatzeak leku paregabeak aurkitzeko aukera ematen du. Ur kristalinozko hondartzak ezagutzeko aukera, Karibeko hondartza mitikoen inbidiarik ez duten hondartza ederrak, beren uren tonu berde eta urdin amaigabeekin.

Iparraldeko kostaldean, haitz erraldoi baten babespean eraikitako Cefalu arrantzale herri xarmagarria dago. Bertako kale eta txokoetan paseoan, 50eko eta 60ko hamarkadetako italiar filmak etorriko zaizkigu gogora; Sofia Loren, Ana Magnani edo Marcello Mastroianni irudikatuko ditugu kaleotan, batzuetan glamourrez betetako Italia bat eta beste batzuetan Italia landatarrago, pobreago bat irudikatzen zuten filmetan bezala. Ez dago dekoratu hoberik ilunabarreko bainurako urrezko argiek eta Mediterraneoko ur beroek tindatutako Cefaluko etxe tipikoak baino.

Sizilia, osotasunean hartuta, bere inguru naturalen, jendearen eta kulturaren eskutik benetakotasuna islatzen duen agertoki handi bat da. Mare Nostrum betierekoaren enigma handietako bat.