Abertzaleek ez dute Euskal Elkargoko lehendakaritzarako hautagairik aurkeztuko

Euskal Herria Baik bere ez ohiko biltzar nagusia bildu du, ostegun iluntzean, Uztaritzen. Herriko bozen ostean Euskal Elkargoak heldu den uztailaren 17an bere lehendakari hautatuko du. Batzarra Jean-Rene Etchegaraykin akordioa egitearen azaldu ondoren Alain Iriart Hiriburuko auzapeza ez da hautagai izanen.

NAIZ|2020/07/10
Etchegaray-hautagai
Etchegaraykin aliantza egitea hobetsi du EH Baik. (Guillaume FAUVEAU)

Euskal Herria Baik ez ohiko biltzarrak egin zuen, atzo iluntzean, Uztaritzen. Osasun protokoloaren neurriak aintzat hartuta, batzarra presenziala izan zen. Hala ere, partehartzea ohi baino handiagoa izan zen, eztabaidagai zen gaiak zer erran handia eman baitu, azkeneko asteotan, mugimendu abertzalearen baitan.

Euskal Elkargoak hilaren 17an bilera eginen du bere lehendakaria aukeratzeko. Herriko bozeta bi buelten artean hautagai abertzale bat izateko aukera irudikatu zen. Hori izan zen bart bozketara eraman zen bi mozioetako batek jasotzen zuen aukera. Bigarren idatziak, aldiz, jarduneko presidentearen Jean-Rene Etchegaraykin aliantza egiteko aukera defendatzen zuen, eta hauxe izan zen bozkatuena.

Hautagaitza abertzalea aurkezteko argudioak ez ziren falta. EH Baik babestu dituen zerrendek emaitza onak lortu zituztelako herriko bozetan, hala nola Lapurdin alkatzetza garrantzitsuak eskuratu dituztelako -Urruña, Itsasu, Ziburu-. Mozioak Euskal Elkargoko bilakaeran sakontzeko aukera emango lukeela erakundearen buruan abertzale bat izatea defendatzen zuen, era berean abertzaleen kudeaketarako gaitasuna -baita Euskal Elkargoa bezala erakunde handitan ere- nabarmenduz.

Izan ere, boto gehien jaso zuen mozioak gaur gaurkoz Ipar Euskal Herrian bhar diren aliantza zabalak, besteak beste presoen gaian aurrera egiteko, nabarmentzen zuen. Baita hautagaitza abertzale bat aurkezteak ekar zezaken bigarren ondorioak: hala nola erakundearen kontra diren sektoreen antolatzea, bereziki Elkargoaren burua eskuineko ordezkari bat hartzeko arriskua nabarmenduz.

Gauzak horrela Etchegarayi «txeke zuria» eman ez baina hautagaitza partekatu adostearen alde jo zuten biltzarkide gehienek.

Lehendakaritzarako «baldintzarik ez» baina ordezkaritza izateko prest

Hola jakinarazi eta azaldu du erabakia EH Baik ostiral goizean ateratako oharrean: «Gaur egun esku artean ditugun elementuak kontutan harturik eta Ipar Euskal Herriko egoera politiko orokorraz jabeturik, EH Baiko militanteek kontsideratu dugu baldintzak ez direla bilduak uztailaren 17an, abertzale baten hautagaitza aurkezteko Euskal Elkargoko lehendakaritza kargurako».

«Alain Iriartek bultzaturiko kandidatura abertzalea erabat zilegia litzateke eta argi dugu gaitasun guziak dituela Euskal Elkargoko lehendakari ona izateko. Aukera honen inguruko gogoeta amankomuna eraman dugu azken egun hauetan Alain Iriartekin. Baina, egungo testuinguru politikoa eta konjunturaren azterketa izan dira gure erabakia hartzera bultzatu gaituztenak», erantsi du.

«Hori erran eta, abertzaleak, Euskal Elkargoko gobernantza instantzia desberdinetan ordezkatuak izan behar gira. Politika publikoen garapenean aktiboki parte hartzeko engaiamendua hartzen dugu –argi utzi du–. Ipar Euskal Herriaz dugun ikuspegia partekatuko eta defendituko dugu datozen sei urteetan. Helburu hori betetzeko arlo instituzionaletik, azkarki ordezkatuak izan behar gira exekutiboan. Gure hautetsiak mobilizatuak segitzen dute, hauteskundeen emaitzen araberako ordezkaritza lortzeko lurralde batzordeetan».

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.