Asier AIESTARAN

TKE Liga Euskal Herrira iritsiko da asteburuan, baina jendeari ez gerturatzeko deia egin diote

Larunbat arratsaldean Donostian eta igande eguerdian Zierbenan jokatuko dira maila nagusietako hirugarren eta laugarren jardunaldiak, osasun protokolo zorrotzen artean. Galizako lehen bi jardunaldietan izandako parekotasunak jarraipena izan dezakeela ematen du.

Hondarribia aurreko igandeko arantza ateratzen saiatuko da asteburu honetan (EUSKO LABEL LIGA)
Hondarribia aurreko igandeko arantza ateratzen saiatuko da asteburu honetan (EUSKO LABEL LIGA)

Larunbatean 17.40etan hasiko da Donostian, Kontxako badian, emakumezkoen Euskotren Ligako hirugarren jardunaldia, eta jokoan izango dena V. CaixaBank Bandera izango da. Galizan jokatutako lehen bi jardunaldietan Orio izan zen irabazle eta, beraz, "Txiki" ontzia dago sailkapen nagusiko lehen postuan 8 punturekin.

Atzeko postuak ere errepikatu egin zirenez, Donostiarra da bigarren 6 punturekin, Hondarribia hirugarren 4 punturekin eta Arraun Lagunak laugarren 2 punturekin, baina egoera engainagarria izan daiteke. Aurreko igandean, esaterako, zazpi segundu baina gutxiagoan sartu ziren aurreneko hiru traineruak eta horrek argi erakusten du akats txiki bat nahikoa izango dela sailkapenean aldaketak egoteko.

Ondoren, 18.00ak aldera, gizonezkoen Eusko Label Ligako hirugarren estropadaren txanda izango da, VIII. CaixaBank Bandera jokoan dela. Txandak sailkapenaren arabera egingo dira eta, beraz, aurrenekoan Zarautz, Kaiku, Lekittarra eta Ares irtengo dira; bigarrenean Cabo, Ondarroa, Hondarribia eta Zierbena; eta ohorezko txandan arraun egingo dutenak Bermeo, Donostiarra, Santurtzi eta Orio izango dira.

Itsasoaren egoerari dagokionez, marea igotzen ariko dela aipatu behar da. Metro eskas inguruko olatua espero da eta haizeak iparretik joko du, printzipioz ez oso indartsu.

Galizako lehen asteburuan argi ikusi zen parekotasuna ikaragarria dela: estropada bat Hondarribiak irabazi zuen, bestea Oriok, bandera Santurtzirentzat izan zen eta sailkapen nagusian Donostiarra bi liderrengandik bi puntura bakarrik dago.

Ederra litzateke parekotasun horrek jarraitzea, ikusleentzat gozagarri izango delako, baina kontuan izan behar da antolatzaileek mesedez estropadetara ez gerturatzeko eskatu dutela Covid-19ak eraginda osasun protokoloak oso zorrotzak izango direlako.

Arraun taldeen prestaketa eremua erabat hesituta egongo da, ohiko tribuna ere itxita egongo da jendearentzat, eta portutik igaro behar duen jendeak maskarilla jantzi beharko du derrigorrez. Paseo Berrian ere jende pilaketak ekiditeko eskatu dute antolatzaileek eta estropada telebistaz, irratiz edo internet bidez jarraitzeko –NAIZek ere emango du probaren berri ohi denez–.

Pasarelarik ez Zierbenan

Igande eguerdian Zierbenara mugituko da ikuskizuna. 11.40an hasiko da Euskotren Ligako laugarren jardunaldia: IV. Petronor Bandera. Eta ondoren Eusko Label Ligako proba hasiko da: XXXVII. Petronor Bandera. Gizonezkoen estropadan txandak bezperako sailkapenaren arabera osatuko dira.

Donostian bezalaxe, Zierbenan ere portu ingurua erebat hesitiuta egongo da eta bertaratzeko erabili ohi den pasarela itxita egongo da. «Barkamena eskatzen diet zale guztiei, ezingo dutelako estropada bertatik bertara gozatu, baina egoera berezia da», adierazi du Jose Luis Herrerias presidenteak.

Itsasoari buruz, marea jaisten ariko da estropada orduan eta kontuz ibili beharko da haize aldaketarekin, eguerdi partean hegotik iparrera aldaketatxoa egin dezakeelako.