NAIZ

Gripe espainiarrak jantzietan izan zuen eragina, Errenterian ikusgai

Donostiako Bulebarrean jendeak musukoa zeraman duela ehun urte; guk ez dugu ezer berririk asmatu. XX. mendean gripe espainiarraren pandemiak jantzietan eta eguneroko bizimoduan izan zuen eragina erakutsiko du bihartik aurrera Errenteriako Jantziaren Zentroak zabalduko duen erakusketak.

Donostiako Bulebarreko irudi bat erreproduzitu da. (JANTZIAREN ZENTROA)
Donostiako Bulebarreko irudi bat erreproduzitu da. (JANTZIAREN ZENTROA)

Errenteriako Kapitain-etxean sartzerakoan, 1918. urtean murgilduko gara bat-batean. Negua da, eta Donostiako Bulebarrean gaude. Kalean, emakume eta gizonak hotzetik babesten dira, beroki eta kapela jantzita, gripe espainiarraren birusari aurre egiteko musukoak daramatzate. Jantziaren Zentroak XX. mendeko pandemia handienak gure herritako kaleak astintzen zituen unea ekarri du gogora.

Europan, Lehen Mundu Gerra betean, neutrala zen Estatu espainiarreko komunikabideek gazteei eragin eta ehunka hildako uzten zituen gripe baten inguruko albisteak plazaratu zituzten. Guda garaiko zentsura tarteko, gainerako estatuek Europan barrena gertatzen zena ezkutatu zuten, horregatik birusari 'gripe espainiarra' deitu zitzaion.

Euskal Herrian 1918. urteko irailean Hendaian eta Irunen erregistratu ziren lehen kasuak, aste gutxira Irungo biztanleriaren %1 hilda zegoen.

Irailaren erdialdera arte doan ikus daiteken erakusketak bi zati ditu. Batean, 1918. urteko kaleko irudi bat; bederatzi emakume eta bi gizonezko, Donostian. Janzten dituzten beroki eta kapelak XX. mende hasierakoak dira, jatorrizkoak; gainerakoak garai horretakoen kopiak dira. Aurpegian daramatzaten musukoak, 1918-1920 urteetako argazkiak oinarri hartuta egin dira.

Bestean, jatorrizko argazkiak eta hainbat testu daude. Horietan gripe espainiarra zer izan zen, eta Euskal Herrian eragindako 15.000 gora hildakoez gain, Errenterian, Gobernadore Zibilaren aginduz ezarri ziren debekuak aipatzen dira, besteak beste: eskolen itxiera eta asteroko azoken debekua.

Erakusketa irailaren erdialdera arte doan ikusi daiteke Jantziaren Zentroaren beheko solairuan.

Gaueko bisitak

Gainera, udarari begira, Jantziaren Zentroak gaueko bisita gidatuak eskainiko ditu lehenbizikoz. Guztiak larunbata gauean izango dira, uztailaren 11n eta 18an eta abuztuaren 8an eta 22an, iluntzeko 22.00tatik aurrera. Parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da jantziarenzentroa@errenteria.eus helbidera idatziz edo Errenteriako turismo bulegora deituz 943 49 45 21 telefonora.

Jantziaren Zentroa asteburuetan irekitzen da, larunbatetan 11.00-14.00/17.00-20.00 eta igande eta jaiegunetan 12.00-14.00. Bisita libreak 3 euro balio du eta bisita gidatuak, 5 euro.