Asier AIESTARAN

Larunbat honetan hasiko dira KAE eta ETE Ligak Pasaian

Covid-19ak erabat baldintzatu du aurtengo denboraldia, TKE mailan baina are gehiago, eta horregatik estropadak oso modu neurtuan jokatuko dituzte. Hiru maila desberdinetako probak leku eta egun berean egingo dira, antolaketa nabarmen zailduz.

San Pedroko "Libia", Oriako Jaitsieran (Gorka RUBIO / FOKU)
San Pedroko "Libia", Oriako Jaitsieran (Gorka RUBIO / FOKU)

KAE eta ETE Ligak, gizonezko eta emakumezko traineruen "bigarren mailak" nolabait esatearren, larunbat honetan hasiko dira Pasaian. Covid-19ak erabat baldintzatu du aurtengo denboraldia, TKE mailan baina are gehiago, eta horregatik estropadak oso modu neurtuan jokatuko dituzte.

Estropada guztiak, esaterako, bost lekutan jokatuko dira: Pasaian (uztailak 11 eta 26), Getarian (uztailak 19 eta 25), Getxon (abuztuak 9, 22 eta 23), Santanderren (abuztuak 15 eta 16) eta Castro Urdialesen (abuztuak 29 eta 30).

Kontuan izan behar da, gainera, leku eta egun bakoitzean hiru maila desberdinetako estropadak jokatuko direla, 35 ontzi eta 500 bat arraunlari guztira, horrek suposatzen duen antolakuntza berezi guztiarekin. Larunbat honetan, adibidez, KAE-2 mailako proba (XIV. Hondarribiako Arrantzaleen Kofradiako Bandera) 17.00etan hasiko da, ETE Ligakoa (I. Tolosaldeko Ikurrina) 18.15ean, eta KAE-1 mailakoa (XXI. Kepa Deun Arrantzaleen Kofradia Ikurrina) 19.15ean.

Ontzi historikoak nor baino nor

Erreferentziarik apenas dagoen arren, maila bakoitzari begirada bat botako diogu, bakoitzan dauden berrikuntzak aipatzeko. KAE-1 Ligaren azterketarekin hasita, ontzi historikoen arteko lehia erakargarria egongo dela esan liteke.

Horien artean nahitaez iaz TKE Ligatik jaitsi zen San Pedro eta maila urte bat lehenago galdu zuen San Juan aipatu behar dira. "Libia" ontzian Mikel Arostegik jarraitzen du arraunlari eta entrenatzaile, eta "Erreka" traineruan aldiz Jose Luis Korta dabil prestatzaile lanetan, klubera iaz denboraldiaren erdialdera iritsi ostean. Bi ontzi pasaitarrek gora begira ibili nahiko dute eta gaur etxean aukera ona dute lehen kolpea jotzeko.

Horiekin batera, Astillero eta Pedreña kantabriarrak egongo dira. Aurrenekoek asko sufritu zuten iaz Eusko Label Ligan eta aurten irribarrea berreskuratu nahiko dute Javi Perez entrenatzailearen eskutik. Pedreñara, aldiz, Joseba Fernandez itzuli da, 2005-2007 urteetako esperientzia ona errepikatzeko asmoz. Hori bai, ontzi kantabriarrek denbora gutxiago izan dute uretan entrenatzeko eta ikusi egin beharko da ea aldea nabaritzen den.

Entrenatzaile berria duten Deusto (Alex Esteban) eta Arkote (Gorka Etxeberria), edota Getaria (bigarren urtea Jon Larrañagaren esanetara) ere goikoei ezustekoa ematen saiatuko dira ziur, eta hasiera batean koska bat beherago dirudite Zumaia, Getxo, Orio B, Donostiarra B eta Camargok.

Bigarren ontzi asko

KAE-2 mailari dagokionez, aurten 14 traineruk eman dute izena, tartean elkarte handien bigarren traineru asko: Bermeo B eta Busturialdea, Deusto B, Hondarribia B, Santurtzi B eta Zarautz B. Horiekin batera arituko direnak Castroko bi taldeak, Colindres, Santoña, Hibaika, Lapurdi, Mutriku eta Portugalete dira.

ETE Ligan, azkenik, bederatzi traineruk hartuko dute parte: Deusto, Hibaika, Isuntza, Lapurdi, Lutxana, Ondarroa, San Juan, Tolosaldea eta Zumaia. Iaz Hibaika eta Zumaia izan ziren onenak, baina igoera play-offean ez zuten lortu Hondarribia menderatzea.