Maddi TXINTXURRETA

Ustekabekorik gabe Ordizian, Lakuaren laguntzarik gabe segurtasun neurri guztiak hartuta

Ordizia da EAEn covid-19 kasu gehien dituen udalerria, eta Gasteizko Legebiltzarrerako bozak urduri hartu dituzte herritarrak. Hala ere, ez da arazo aipagarririk izan goizeko orduetan, mahaiak normaltasunez osatu dira, eta goizeko 8.30ean jendea zegoen zain. Arazorik ez, botoa ematea «debekatu» dieten hainbat pertsonandako salbu.

Herritarrak botoa emateko zain Ordizian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Herritarrak botoa emateko zain Ordizian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Segurtasun neurri guztiak hartu ditu Ordiziako Udalak: hauteslekuak lekualdatu ditu distantziak mantentzea ahalbidetzeko, eta zenbait kasutan aire librean ezarrita, mahaiko kide guztiak FFP2 maskararekin eta metakrilatozko pantailekin babestuta daude, aurretiaz tenperatura ere hartu diete, botoa ematera sartzeko derrigorra da maskara jantzita izatea eta eskuak desinfektatzea, hainbat pertsona daude hori zaintzen. Frontoian sartzeko, lau ilara desberdin, hiru erroldatutako kaleen arabera, eta beste bat haurdun dauden edo 65 urte baino gehiago daukaten pertsonentzat bereziki. Neurriek eragin dute gaizki-ulerturen bat edo beste, herritarrak galdezka aritu dira non eta nola eman behar zuten botoa, baina arduradunek uneoro kontrolpean izan dituzte distantziak eta jende-fluxua.

Herritarrei ordutegi batzuk errespetatzea ere galdegin zuten Udaletik eta, oro har, errespetatu da: 50 urtetik gorakoak 14.00ak baino lehen joatea eskatu zuten; 65 urtetik gorakoek lehentasuna izan dute 10.00etatik 12.00etara, 50 urtetik beherakoei botoa arratsaldean ematea eskatu diete, eta PCR negatiboa duten baina konfinatuta dauden pertsonei 14.00tatik 15.00ak bitartean hauteslekuetara joateko galdegin diete.

Eguerdiko 12.00etarako, hauteskundeetarako parte hartzea %19,65ekoa izan dela jakinarazi du Udalak, 1.375 boto guztira.

Udaleko ordezkari batzuek azaldu dutenez, herrian urduritasunez bizi izan dituzte bozen aurreko egunak. Koronabirusak 70 pertsonei eragin die, eta bereziki prestatu dituzten lau hauteslekuetan «beldurra» somatzen dela aipatu dute. Salatu dute, gainera, Lakuak ez duela neurri berezirik ezarri Ordiziaren kasuan, eta gainontzeko herrietarako gomendatu dituen segurtasun neurri berdinak eskatu dizkiotela Goierriko udalerriari ere. Hala, igandean ezarritako neurri guztiak Udalak prestatu eta zaindu ditu.

«Ez da zilegi»

Adur Ezenarro Ordiziako alkateak goizean esan du «momentuz dena normal» zihoala. Hala ere, salatu du «sinestezina» iruditzen zaiola Osasun sailburuak Ordiziari inolako neurri berezirik ezartzen ez laguntzea, lau seguritateko pertsona jartzea eskaini zieten, besterik ez. Udaletik egin dute guztia, Ezenarroren hitzetan «herritarren segurtasuna lehentasuna» delako beraientzat eta zenzu horretan ez diotela «diruari begiratu».

Aurreko egunetan informazio falta eragotzi dio alkateak Lakuako Gobernuari. Komunikazio kanalak lortu dituela zehaztu du, baina Nekane Murga Osasun sailburuari eskatu zion jarraipen maila berezitu bat Ordizian, eta hori ez dela horrela izan. «Bilera guztietan esan diogu sailburuari; bilera horiek guztiak ez dira eraginkorrak izan Ordiziako kasuari dagokionez, mahai tekniko bat faltan bota dugu eta laguntza gehiago hartu ditugun erabakietan», adierazi du.

Ordizian botoa ematea debekatu zaien pertsonei dagokionez bere desadostasuna agertu du beste behin Ezenarrok, eskubide horiek bermatzeko aukerak egon behar liratekeela iritzita. «Pertsona horiei ez zaie beste aukera bat eman, eta gainera esatea delitu bat egingo dutela botoa ematen badute, ardura guzti hori pertsonen gain uztea Administrazioak bermatu behar dituenean baldintza horiek, uste dut ez dela zilegia», agertu du.