Maddi Txintxurreta

EH Bildu, «alternatiba gisa indarturik» igoera «estruktural» baten ostean

Hauteskundeetako emaitzak «oso onak» izan dira EH Bilduren Mahai Politikoarentzat, uste baitu demostratu dutela indar hau «estrukturalki» hazten ari dela. Astelehenean egin dute emaitzak baloratzeko agerraldia, eta «aldaketa» jada hasi dela agertu dute Maddalen Iriartek eta Arnaldo Otegik.

Otegi eta Iriarte, boz kopurua biltzen duen pantaila ondoan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Otegi eta Iriarte, boz kopurua biltzen duen pantaila ondoan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Emaitza «bikainak» eta «esanguratsuak» izan ziren atzokoak, Maddalen Iriarteren arabera, eta EH Bildu «alternatiba gisa indartzea» ekarri du horrek, bere hitzetan.

Orain, atzo lortutako 22 eserlekuekin jokatu eta gainontzeko alderdiekin akordioak bilatzen ahaleginduko da EH Bildu, «jendea zaintzeko eta zaintza erdigunean jartzeko», koalizioak mahai gainean jarri dituen neurri sozialak egikaritzeko ezinbestekoa baitio Maddalen Iriartek.

PSEk uko egin dio EH Bildurekin akordioak egitera, eta Iriartek berak agertu du argi zegoela EAJ-PSEren «tandema» batera aurkeztu zirela hauteskundeetara. Hala ere, alderdi «guztiekin, eskumako espainiarrekin izan ezik» hitz egiteko eta akordioak bilatzeko prest agertu da Iriarte, «gehiengo ezkertiar eta soberanista» bat osatzeko helburuarekin.

EAJri buruz, esan du Estatutu berriaren «errenuntzia» garbi bat egin duela azken urteotan, eta ez dagoela prest euskal errepublika baten bidean EH Bildurekin akordiorik egiteko. Hala ere, herritarrek «proiektu nazional eta herrikoi bat osatzeko» eskatu dutela nabarmendu du eta, beraz, «gehiengo soberanista artikulatzeko» aukera ere aztertuko dutela.

Gauzak honela, eragile sindikal, sozial eta ekonomikoekin ere elkarrizketak abiatuko dituztela esan du, herri mugimendu eta elkarteekin elkarlana izan baita, Maddalen Iriarteren aburuz, EH Bilduk lortutako babesaren arrazoietako bat.

«Argi dagoena da soziologikoki herri honek erabakitzeko eskubidearen alde egin duela, eta gehiengo aurrerakoi bat dagoela», erantsi du. Herritarren mezu hori «ulertu» dutela eta horren alde lan egingo dutela ziurtatu du.

Vox-ek Gasteizko Legebiltzarrean lortutako eskerlekuari buruz galdetuta, ardura adierazi du EH Bilduko zerrendaburuak, eta esan du «berri txarra dela demokraziarentzat». Esan du, baita ere, EAJk lortutako hainbat boto PPtik «joandakoak» direla, eta herritarrek uste dutela EH Bildu dela EAJren alternatiba ezkertiarra.

«Ezker soberanistarena da etorkizuna»

Iriartek eta Arnaldo Otegik nabarmendu dute abstentzioaren igoera kezkagarria izan zela, baina igo izanagatik ere, EH Bilduk bere «etengabeko igoerari» eusten diola, eta atzo haien alternatiba «guztiz indartuta atera zela». «Horrek esan nahi du etorkizuna ezker soberanistarena dela», nabarmendu du Otegik.

Igoera hori «estrukturala» dela nabarmendu du Otegik, hauteskundez hauteskunde gertatzen ari dena, eta adibide gisa jarri ditu Ipar Euskal Herriko bozetan izandako emaitzen inguruan eta Nafarroako igoeraren inguruan. «Aldaketa hemen dago, aldaketa hasi da», adierazi du koordinatzaile nagusiak.