Haira Aizpuruak irabazi du Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko eskolartekoa

Ipar Euskal Herriko bertsolari gazteen txapelketa jokatu zen larunbatean. Hasieratik 24 gaztek aritu ziren kantatzen; aurtengo edizioa inoizko parte hartzaile kopuru handiena izan du. Finalera, ordea, 6 iritsi ziren. 

Naiz|2020/07/13
Bertsu
Larunbat arratsaldean jokatu zen finalean 6 bertsolari aritu ziren. (NAIZ)

Joan den larunbatean, uztailaren 11an, jokatu zen Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko eskolarteko txapelketa Senpereko Larraldea baserrian. Aretoa ikuslez bete zen eta bertaratuek giro ederrean gozatu ahal izan zuten saioez, antolatzaileek helarazi dutenaren arabera.

Aipatzekoa da inoizko ediziorik parte hartzaileena izan dela aurtengoa. Hasieratik 24 bertsolari gaztek parte hartu zuten kanporaketetan, horietatik 12 finalerdietara pasa ziren eta lehenengo seien artean jokatu zen finala.

Guztien artean Haira Aizpurua Ibargaraik bildu zituen puntu gehien. Urte luzez Bertsularien Lagunak Elkarteko kide eta parte hartzaile aktiboa izan den Beñat Soulék jantzi zion xapela.

Goizeko 10etan abiatu ziren final aurrekoak eta ondoko 12 bertsolariek hartu zuten parte bi saioetan: Oneka Arteaga Olasagasti, Haize Blanco Lekuona, Ximun Sansonetti, Josu Txoperena Iribarren, Aetz Etxart Sarasola, Ibai Lekuona Darceles, Mae Laskaray Lagan, Asier Arbelaitz Tolosa, Irati Aizpurua Ubeda, Irantzu Idoate Funosas, Haira Aizpurua Ibargarai eta Laida Etxeberri Pacheco.

Finalerdien ondoren finala jokatzeko momentua iritsi zen eta ondoko sei bertsulariak sailkatu ziren kantatzeko: Oneka Arteaga, Mae Laskaray, Josu Txoperena, Irantzu Idoate, Haira Aizpurua eta Laida Etxeberri.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.