Haritz Larrañaga

Philippe Monguilloten heriotzaren ostean lanari berrekin diote Baionako autobus gidariek

Uztailaren 5ean eraso bortitza jaso zuen Philippe Monguillot autobus gidariaren heriotzaren ostean bere lankideek geldialdia egin zuten segurtasun neurriak eskatzeko. Uztailaren 10ean akordio bat sinatu zuten autobus gidariek eta Keolis garraio enpresako zuzendaritzak uztailaren 13. honetatik aitzina segurtasun neurri berriekin lanean hasteko.

Philippe Monguillot gidaria jipoitua izan zen Balichon geltokian herritarrek eskainitako loreak. (Guillaume FAUVEAU)
Philippe Monguillot gidaria jipoitua izan zen Balichon geltokian herritarrek eskainitako loreak. (Guillaume FAUVEAU)

Philippe Monguillot garraio publikoko gidaria bortizki jipoitu uztailaren 5ean Baionako Balichon geltokian eta buruan jasotako kolpeen ondorioz garun heriotzarekin ospitaleratu zuten. Bi egun geroago hil zen 58 urteko autobus gidaria, uztailaren 7an hain zuzen, eta ordutik Chronopluseko autobus gidariek geldialdia egin zuten segurtasun neurriak aldarrikatzeko.

Gidariaren heriotzak samin handia eragin zuen eta horren isla izan zen uztailaren 8an Lapurdiko hiriburuko kaleak zeharkatu zituen «martxa zuria». Zuriz jantzita, milaka pertsonek Monguilloti azken agurra eman zioten eta gidariak jasandako erasoa salatu zuten. Artean, Polizia frantsesak ustezko bi erasotzaile eta haiei babes eman zieten beste bi lagun atxilotu zituen.

Baiona, Biarritz, Angelu eta Aturri inguruko beste 8 herrietan itzulia egiten duten Chronoplus zerbitzuko langileen eskariak babesteko esku hartu zuten Claude Olive, Euskal Elkargoko mugikortasun zuzendariak eta Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak. Horrela, Baionako Chronoplus garraio zerbitzua kudeatzen duen Keolis enpresa multinazionalarekin harremanetan jarri ziren langileen eskariak helarazteko.

Horrez gain, Prefetarekin ere hitz egin zuten garraio publikoak betetzen duen ibilbidean segurtasuna nola indartu aztertzeko eta kaleratu zuten agiri batean onartu zutenez, uztailaren 7an Jean-Baptiste Djebbari garraio ministroak Baionara egin zuen bisita lagungarria izan zen «segurtasun neurrien indartzea ezartzerako orduan estatuko maila goreneko sustengua jasotzeko».

Gauzak honela, uztailaren 10ean akordio bat sinatu zuten Chronopluseko langileek eta egoitza nagusia Parisen duen Keolis enpresako ordezkariek. Ondorioz, segurtasun neurri berriekin lan egingo dute gaurtik aurrera BAB inguruko garraio publikoan lan egiten duten gidariek.

Joseph Uhart, FOko delegatuak Mediabask hedabideari egin adierazpenetan azaldu zuenez, «lortutako akordioa zuzena da, baina penatua naiz, zeren nahiagoko nuke beste baldintza batzuetan sinatua izan balitz, aurrera pausu bat da, baina izugarria da Balichon geltokian herritarrek utzitako loreak ikustea».

Uhartek aitortu zuenez, «lehen egunak gogorrak izango dira», baina bezeroekin konfiantza osoa du Chronopluseko gidariak. Bere esanetan, «jendea maitagarria da, badakit lanean hasi bezain laster animatuko gaituela».

Segurtasun neurriak  

Hitzarmen berriak epe motzerako eta epe luzerako segurtasun neurriak aurreikusten ditu. Hortaz, uztailaren 13a eta abuztuaren 30a bitartean hartuko diren neurrien artean honako hauek adostu dituzte: Trambus guztietan agente bat izatea gau eta egun, gaueko autobus zerbitzuetan zaindari bat izatea, arazorik sortzen bada edozein unetan esku hartzeko prest egongo den ekipo ibiltari bat plantan ezartzea eta erasoen kontrako dispositibo bat jartzea gidarien atean.

Epe luzera begira, berriz, hau da, irailaren batetik aitzina, aipatu neurriak indartzeko bitartekoak ezarriko dituzte. Besteen artean, garraio publikoa babesteko bi agente auto batean ibiliko dira autobus zerbitzua eskaintzen den itzulian zehar eta edozein unetan esku hartzeko prest izango dira. Bestalde, 2021. urtetik aurrera gaueko zerbitzua babesteko bost zaindari izango dira uda sasoian.

Neurriak betetzen direla ziurtatzeko hitzarmen bat sinatu dute Ipar Euskal Herriko mugikortasun sindikatuak, Keoli enpresak eta Polizia frantsesak. Sinatzaileek nabarmendu dutenez, «helburua Chronoplus sarea babestea da».