Beasain-Bergarako autobiaren bidesaria 2022a baino lehen ezarriko du Aldundiak

Beasain eta Bergara arteko A-636 autobia erabiltzeagatik ezarriko den kanona finkatzen duen Foru Arau proiektua onartu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak. Araudiak Batzar Nagusien onespena beharko du orain eta, bere bitartez, ordainketa sistema bat ezarriko da ibilgailu guztientzat, motozikletentzat izan ezik.

naiz|2020/07/14
Deskarga
Deskargako tunela, oraindik ireki gabe zegoenean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Deskargan bidesaria martxan jarriko duten data ez dute zehaztu, baina Gipuzkoako Aldundiak erabaki du 2022ko ekainaren 30a baino lehen jarriko dutela indarrean.

Bide Aizpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek azaldu duenez, Free flow teknologia erabiliko du sistemak, N-I eta A-15 errepideetako zenbait zatietan jada indarrean dagoena. «Horrek, aldi berean, azpiegiturak eraiki, mantendu, artatu eta ustiatzeak sortzen dituen kostuak ikusaraziko ditu, azpiegitura horien erabiltzaileei kargatuz; lurraldearen barne orekarako faktoreak sartuko ditu; eta gure errepideek behar dituzten artapen eta kudeaketa lanen kostuak berreskuratzen lagundu», azaldu du.

Oiarbidek gogoratu du Gipuzkoako edukiera handiko errepide sarean badaudela gaur egun bidesariak, bai AP-8/AP-1 bidean (ibilgailu guztientzat) zein A-15/N-I lerroan (ibilgailu astunentzako), «eta koherentziagatik eta sarearen uniformetasunagatik, uste dugu, alde batetik, neurri eraginkorrena, bidezkoena eta koherenteena dela erabileragatik ordainketa sistema bat ezartzea. Erabaki hau bat dator Batzar Nagusien gehienagoak onartutakoarekin zein Europako zuzentarauekin».

Bestalde, bidesariaren zenbatekoak lotura izango du aizpiegituraren eraikuntza eta ustiaketa kontuekin.

Bidesariaren zenbatekoa autobiaren zatiaren eta kilometroen araberakoa izango da. Asteartean zenbatekoen aurreikuspen bat eman dute: hala, ibilgailu arinek, 0,38 euro ordainduko dute Beasain-Ormaiztegi tartean (2,8 kilometro); 0,74 Ormaiztegi-Zumarragan (5,4 km); 1,41 Legazpi/Urretxu-Bergaran (7,3 km) eta 0,48 Legazpi/Urretxu-Antzuolan (2,5 km). Ibilgailu astunen kasuan, tasak garestiagoak izango dira.

Bestalde, Oiarbidek jakinarazi du Gipuzkoako AP-8 eta AP-1 autobideetan ibilgailu arinen erabiltzaile diren pertsonei aplikatzen zaizkien hileko deskontuak eta hileko gastu mugak ere aplikatuko dira Beasain-Bergara autobian, baldin eta baldintza batzuk betetzen badituzte.

Garraiolariak, kontra

Hiru garraiolarien sindikatua Gipuzkoako Aldundiak «inposatuko» duen bidesariaren kontra agertu da. Prentsara igorritako ohar batean adierazi duenez, «bidesariak azpiegituren mantentze lana kudeatzen jakin ez duten politikarien porrota dira», eta salatu du Aldundiak agerrian jarri duela «dirua biltzeko duen grina».

Halaber, Aldundiari ohartarazi dio garrioak ez duela bidesaririk behar, sektoreak bizi duen «egoera kaskarretik» ateratzeko politikak baizik.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.