Amaia U. Lasagabaster

Bilbao Athletic play-offerako «prest eta gogotsu» ikusten du Joseba Etxeberriak

Filial zuri-gorriak Algecirasen jokatuko du larunbatean lehen kanporaketa Badajozen aurka. Entrenatzailearen zalantzak lehen taldearekin jokatu dezaketen futbolariei dagozkie. Basconiak larunbatean ere ekingo dio play-offari.

Morcillo pitxitxi zuri-gorria baloia bularrez kontrolatzen. (Athletic Club)
Morcillo pitxitxi zuri-gorria baloia bularrez kontrolatzen. (Athletic Club)

«Prest, gogotsu eta konfiantzarekin». Egoera eta baldintzak ez dira onenak –inorentzat– baina Joseba Etxeberria baikor da Bilbao Athleticek igoera play-offean egin dezakenari buruz. Larunbaten Algecirasen (20.00) lehiatuko den lehen kanporaketaren aurkariaren sendotasunaren aurrean ere, argi dauka: ««Badajoz talde sendo eta indartsua da, baina ondo prestatu gara, gogotsu gaude, ideiak argiak dauzkagu eta partida lehen baino lehen heltzea nahi dugu».

Filia zuri-gorriaren entrenatzailearen esanetan, «denbora dexente eman genuen entrenatu barik baina jokalariak oso ondo daude». Alde batetik, «arlo mentalarekin nolabaiteko ardura geneukan, danori kostatu bazaigu hainbeste denboran etxean sartuta egotea, are gehiago 19-20 urteko gazteei. Baina euren erantzuna oso ona izan da lehen egunetik. Bagenekien talde arduratsua eta batez ere oso profesionala eta langilea geneukala eta konfinamenduak hori berretsi du».

Gainera, taldeak oso ondo egin du lan azken zazpi aste hauetan «eta sentsazioak oso onak izaten ari dira. Bai eguneroko lanak ematen dizkigunak, baina jokatu ditugun bi lagunartekoek eskaini dizkigutenak ere», azaldu du. Guzti horregatik, baikor da.

Ideia argirekin doa, bestetik, taldea Algecirasera. Badajozen asmoa bestelakoa izan badaiteken ere, zuri-gorriena «partidari erritmo altua sartzea da hasieratik, partida mota horretan eroso sentitzen garelako. Abidadura daukagu, zelai-erditik gora mugikortasun handiko jendea daukagu… Behar dugun partida mota da, gauza asko gerta daitezela».

Etxeberriaren zalantza handienak lehen taldearekin jokatu dezaketen futbolariei dagozkie –Vivian eta Sanceti, batez ere, Guruzeta filialarekin egongo dela dagoeneko baitaki–, Athletici bi partida falta baitzaizikio Liga amaitzeko eta nekez osatu ahal izango ditu deialdiak bakarrik lehen taldeko jokalariekin.

«Oso argi daukagu danok lehentasuna lehen taldea dela. Gaizkak gure jokalariak behar baditu, guk Basconiak hartuko ditugu. Baina lehentasuna lehen taldea da; bi partida besterik ez zaizkio falta denboraldia amaitzeko eta asko dauka jokoan, Europarako txartela». Ildo honetan, eta Bilbao Athletic 2.A maila egotearen garrantzia onartu arren, «gure lehen garaipena filialeko jokalariak lehen taldera igotzea» dela gogorarazi zuen elgoibartarrak.

«Eta gero bigarren helburu bat daukagu, argi dagoelako lehen taldearen eta Bilbao Athleticen arteko jauzia txikiagoa dela 2.A mailan bagaude, eta klubarentzat ekonomikoki onuragarria izango litzatekelako… Baina lehentasuna lehen taldea da», azpimarratu zuen, «eman daitezken aukera desberdinak ezagutzen ditugu, aztertuta daude eta gertatzen denaren arabera, erabakiak hartuko» direla azalduz.

Portugalete-Basconia

Mugimendu horien eragina Basconiari helduko zitzaion, oso partida garrantzitsu baten atarian. Larunbatean ere ekingo dio igoera play-offari Sarrienan (19.30) Patxi Salinasek entrenatutako taldeak Portugalete IV multzoko txapeldunaren kontra eta baliteke hainbat jokalari Algecirasen egotea, Bilbao Athleticek ordu erdi beranduago jokatuko duen neurketan partehartzeko.

Entrenatzaile bizkaitarrak ez dio inolako garrantzirik eman nahi, «denboraldian zehar askotan gertatu zaigu eta konpondu garelako, taldearen maila oso orekatuta baitago». «Gainera –gogorarazi du–, harrobiko taldea gara, horrela izan behar da. Jokalari bat igotzen den bakoitzean, poztasuna itzela da. Beti esaten dugu 7. edo 8. zelaian entrenatzen dugula baina gure jokalariak 1. zelaian ikusi nahi ditugula. Danak badaude gurekin oso ondo, plus bat emoten diotelako taldeari, baina lehentasuna Bilbao Athletic da».

Partidari dagokionez, aurten Portugaleteren aurka lortutako emaitza onak gogorarazi arren, Salinasek aurkari «sendoa, gogorra, beteranoa…» dela azpimarratu du.

«Denboraldiko talderik onena izan da. Txapelduna bera izatea ez da kasualitatea». Hala ere, ori-baltzak «konfiantzarekin» daude.

«Prest gaude. Taldeak “mini-aurredenboraldi” zoragarria egin du, baikor gara eta garaipenaren bila joango gara».

Badaki euren ahaleginak ez duela ezertarako balio izango Bilbao Athleticek ez badu bere kanporaketa gainditzen baina ez du uste horrek eragina izango duenik bere jokalarien mentalizazioan.

«Badakigu guzti hori baina kontrakoa ere ez gaitu balio. Beraz, gure partidan pentsatu behar dugu eta gero ikusiko dugu Bilbao Athleticekin zer gertatzen den. Eta konfiantza daukagu kasu bietan, eurek oso denboraldi ona egin dutelako eta egoera ezinhobean heltzen direla uste baitugu».

Yuri eta Capa, zalantzan

Lehen taldeari dagokionez, Gaizka Garitaok Yuri eta Ander Caparen zalantzak dauzka zuri-gorriek ostegunean Leganesen aurka jokatuko duten partidari begira.

Biek galdu zuten Levanteren aurkakoa arazo muskularrengatik eta momentuz taldetik kanpo jarraitzen dute. Capak bakarrik lan egin du gaur Lezaman eta Yuri ez da zelaietara irten ere.

Asteko azken lan-saioan (bihar 18.30tan) gertatzen denaren arabera erabaki beharko du euren entrenatzaileak jokatzeko baldintzetan badauden.