NAIZ

Covid-19ak 13 milioi pertsona baino gehiago kutsatu ditu dagoeneko mundu osoan

Koronabirusak munduan kutsatutako pertsonen kopurua 13.103.290era iritsi da dagoeneko eta egunero ari da markak hausten, Johns Hopkins unibertsitate estatubatuarraren datuen arabera. Covid-19arekin hildakoak 573.042 dira jada.

Osasun langile bat, emakume bati PCR test bat egiten, Mexikon. (Pedro PARDO/AFP)
Osasun langile bat, emakume bati PCR test bat egiten, Mexikon. (Pedro PARDO/AFP)

Pandemiak gehien erasandako herrialde AEBak dira, 3,3 milioi kasu pilatu baitituzte, 135.605 hildakorekin. Brasil (1,88 milioi positibo eta 72.833 hildako), aldiz, errekuperatutako paziente gehien dituen herrialdea: 1,29 milioi lagunek gainditu dute gaitza, AEBetan ere milioiaren langa gainditu duten bitartean.

Indiak 900.000 kasuen muga gainditu berri du eta honezkero 23.727 lagun hil dira herrialde honetan. Ondoren, Errusiak 732.547 kasu eta 11.422 hildako zenbatu ditu. Bosgarren postuan kokatzen da Peru (330.123 positibo eta 12.054 hildako), Txileren aurretik (317.657 kasu eta 7.024 hildako).

Mexikok, bere aldetik, 300.000 kasu positibo baino gehiago pilatu ditu eta birusarekin zendu den pertsonen kopurua 35.491ra iritsi da.

Lehen postuetan kokatzen diren herrialdeak aintzat harturik, nabarmen ikusten da Amerikako kontinenteak jarraitzen duela pandemiaren foku nagusia izaten. 

Erresuma Batuan, 291.691 lagun kutsatu dira (44.915 hildako).

Ondoren, Hegoafrikak 287.796 positibo eta 4.172 hildako erregistratu ditu, Iranen (259.652 kutsatu eta 13.032 hildako) eta Espainiako Estatuaren (255.953 eta 28.406) aurretik.

Pakistanek (253.604 kutsatu eta 5.320 hildako), Italiak (243.230 kasu eta 34.967 hildako), Saudi Arabiak (235.111 kasu eta 2.243 hildako), Turkiak (214.001 kasu eta 5.382 hildako), frantses Estatuak (209.640 kutsatze eta 30.032 hildako) eta Alemaniak (200.180 positibo eta 9.074 hildako) itxi dute 200.000 kasuen langa gainditzen duten herrialdeen zerrenda.

200.000 kasu baino gutxiago

Marka horretatik behera daude Bangladesh (186.894), Kolonbia (150.445), Kanada (109.984), Qatar (104.016) eta Argentina (103.265).

Txina, pandemia sortu zen herrialdea, 85.117 positiborekin ageri da, eta 50.000 kasu baino gehiago dituzte Egipton, Iraken, Indonesian, Suedian, Ekuadorren, Bielorrusian, Belgikan, Kazakhstanen, Omanen, Filipinetan, Kuwaiten, Ukrainan, Arabiar Emirerri Batuetan eta Herbehereetan.

Bolivian, Panaman, Portugalen, Singapurren, Dominikar Errepublikan eta Israelen, 40.000 kasu baino gehiago dituzte.

Poloniak, Afganistanek, Bahrainek, Nigeriak, Errumaniak, Suitzak eta Armeniak 30.000 positibo baino gehiago zenbatu dituzte, eta Guatemalak, Hondurasek, Irlandak, Ghanak, Azerbaijanek eta Japoniak 20.000 baino gehiago.

Aljeriak, Moldaviak, Austriak, Serbiak, Nepalek, Marokok, Kamerunek, Uzbekistanek, Hego Koreak, Danimarkak, Txekiar Errepublikak, Boli Kostak, Kirgizistanek, Sudanek, Kenyak eta Australiak 10.000 positibo baino gehiago erregistratu dituzte.