naiz

EAEn, soldataren %51 bideratzen da alokairura; Nafarroan, %34a

EAEko herritarrek, 2019an, diru-sarreren %51a bideratu zuten bere etxebizitzaren alokairua ordaintzera bataz beste, eta nafarrek, aldiz, diru-sarreren %34a, Fotocasa higiezinen atariak eta InfoJobs enplegu-plataformak egindako "2019ko alokairuen eta etxebizitzen zerrenda" azterlanaren arabera.

Zarauzko etxebizitzak. (Gorka RUBIO/FOKU)
Zarauzko etxebizitzak. (Gorka RUBIO/FOKU)

Azterketa horren arabera, azken bost urteetan (2015etik 2019ra), alokairua ordaintzeko erabilitako hileko soldataren kopurua 10,2 puntu igo da, batez beste, EAEn. Hala, 2015. urtean, EAEko biztanleek hileko nominaren %41a erabili zuten 80 metro koadroko etxebizitzaren alokairua ordaintzeko, %44a 2016an, %44 2017an, %41a 2018an, eta %51 2019an. Estatu espainiarrean, alokairura soldataren zati handiena bideratzen duten autonomia-erkidegoetan hirugarrena da EAE.

Bestalde, txostenak dio EAEn alokairuko etxebizitzaren prezioa urteko %27,8ko igoerarekin itxi zela 2019an, eta abenduko prezioa 13,06 euro/m2 izan zela hilean.

Horrek esan nahi du, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban 2019an 24.461 eurokoa zela batez besteko soldata gordina (hilean 2.038 euro gordin, 12 ordainsaritan banatuz gero) kontuan hartuta EAEko biztanleek hileko nominaren %51 80 m2-ko etxebizitza bat alokatzeko erabili behar dutela.

Nafarroan gutxiago baina igotzen

Nafarroa Estatu espainiarreko hamargarren lurraldea da alokairua ordaintzeko ahaleginean. Zehazki, ikerketak adierazten duenez, 2015ean Nafarroan hileko nominaren %28a erabili behar zuten 80 metro karratuko alokairu-etxebizitza bat ordaintzeko, %30a 2016an, 2017an bezala, %25a 2018an eta %34a 2019an.

Azken bost urteetan metatutako portzentajearen igoerak aztertuz gero, 80 metroko alokairuko etxebizitzaren metro karratuaren batez besteko prezioa %24a hazi da, 2015ean 6,79 euro/m2 izatetik 2019ko abenduan 8,42 euro/m2 izatera (hilean 674 euro); batez besteko soldata gordinak, berriz, %3,8a igo dira, hau da, urteko 22.895 eurotik 23.719 eurora (urtean).