Haritz Larrañaga

Ernai eta Aitzinako 250 gaztek independentzia aldarrikatu dute Larhungo tontorrean

Estatu frantsesak eta espainiarrak Larhungo tontorrean «inposaturiko mugan» harrizko oroigarri bat ezarri dute ‘Gazteok independentzia’ goiburuarekin. Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek egin duten ekitaldian baikorki baloratu dute «Frantziar Errepublikaren jai egun inposatuan» 250 gazte bildu izana.

Urruñako Olheta auzotik abiatu da Larun tontorrera Aitzinaren zutabea. (Bob EDME)
Urruñako Olheta auzotik abiatu da Larun tontorrera Aitzinaren zutabea. (Bob EDME)

Aitzina eta Ernai gazte antolakundeek independentzia aldarrikatzeko Larhun gailurrera egin duten igoaldia «arrakastatsua» izan dela azpimarratu dute martxaren antolatzaileek. Berako Altzate plazatik abiatu diren 150 gaztek, Urruñako Olheta auzotik abiatu diren 100 lagunekin bat egin dute tontorrean, eta ekitaldi baten ostean, elkarrekin bazkaldu dute Euskal Herria bitan banatzen duen muga-lerroaren gainean.

Harrizko oroigarria ere «Estatu frantsesak eta espainiarrak inposatutako mugak Larhun zeharkatzen duen eremuan» ezarri dute gazte antolakundeetako ordezkariek. Jarraian, ‘Gazte borrokaz independentzia, sozialismoa, feminismoa’ zioen pankarta handi bat zabaldu eta talde argazkia atera dute.

Eguraldia lagun izan dute, baita ekitaldian ere. Gainera, parte-hartzaileen gozamenerako Bortziriko bi neskek Ken Zazpi taldearen ‘Larrun’ abestia abestu dute eta entzuleekin batera, «orain gaude batera» errepika abesten eman diote bide hizlariari.

Herria mugarri

Aitzinako ordezkariak uztailaren 14aren jatorria ekarri du gogora: «1789ko frantses iraultza jakobinoaren garaipenaren urteurrena da gaurkoa. Hitzetan, giza eskubideen herrialdea bihurtu omen zen orduan Frantzia, haatik, usu erakutsi izan digu errepresioaren eta botere zentralistaren estatua dela». 

Azken hilabeteetan eman diren zenbait gertakari azaldu ostean, Aitzinako bozeramaileak zera gaineratu du: «Datorren krisi ekonomiko eta soziala nolakoa izanen den erakutsi digu Eliseoak».

Larhun mendiaaren inguruan gertaturiko aitzinako zein egungo zenbait pasarte ere nabarmendu ditu hizlariak eta hauteskundeak ere hizpide izan ditu. Bere esanetan, «eraldaketa haizeak astindu ditu hautesontziak azken bi asteotan Euskal Herriko bi eremu administratiboetan».

Hitzartzea amaitu aurretik, menditik jaitsi eta haien etxeetara itzultzean, «lanean jarraitzeko» gonbita luzatu die entzuleei gazte antolakundeko ordezkariak: «Larungo gailur honetatik, eguraldi argiz, Euskal Herri osoa ikusterik dagoela dio kondairak; behera iritsi orduko Euskal Herriko zazpi lurraldeak ehuntzeari ekingo diogu berriz ere, Herria mugarri. Bi bide egin ditugu gailur honetara, hemendik, bide eta norantza berean independentziarantz abiatzeko».

Bi zutabe, norabide berean

Goizeko hamarretan norabide guztietatik etorritako gazteak Olhetako Trabenia ostatuaren kanpo aldean eta Berako Altzate plazan biltzen hasi dira. Aitzinako eta Ernaiko ordezkariek zenbait ohar eman dituzte martxak abiatu aitzin eta 10.30ak aldera, guztiak  norabide berean abiatu dira, hau da, Larhungo tontorrera.

Antolatzaileek osasun krisiaren ondorioz hartu beharreko segurtasun neurriak oroitarazi dizkiete martxistei eta norbaitek min hartuz gero, zutabearen amaieran zauriak artatzeko ardura zuen kide bat izango zela jakin arazi dute. Sarek abian jarri duen ˝izan bidea˝ dinamikaren aplikazioa jaitsi eta euskal presoen eskubideen alde kilometroak batzeko aukera ere bazegoela ohartarazi diete ibiltari gazteei.

Ikurrinak soinean abiatu dira Ernai eta Aitzinako zutabeak Larhunera. «Atzerapen apur batekin, baina tontorrera beste zutabea baino lehen iristeko asmoarekin», nabarmendu du irriz Nafarroako bandera zeraman Hendaiako gazte batek. 45 urte inguruko bikote batek, ostera, zera aitortu du: «Gure adineko jende gehiago espero genuen». Izan ere, parte-hartzaileen gehiengo handi bat oso gaztea zela begi-bistakoa zen.

Ondorioz, independentzia aldarrikatzeko martxa ere abiada arinean abiatu da maldan gora eta ezarritako ordua (goizeko hamarrak) baino beranduago abiatu arren, ezarritako ordua (arratsaldeko ordu bata) baino lehenago iritsi dira bi zutabeak tontorrera. Ez da irabazlerik izan, aldi berean iritsi dira bateko zein besteko martxistak. Izan ere, Aitzinako ordezkariak azaldu duen moduan, «ez zen gure arteko lehiarik, guztiak batera goaz».