Naiz

Orbainek ekimen artistikoak berreskuratuz ospatuko du bere bosgarren urteurrena

Orbain Kultur Elkarteak bosgarren urteurrena ospatzeko berreskuratuko ditu ekimen artistikoak. Uztailean, erakusketa bat inauguratuko du, liburutegi tematiko bat, eta Iñaki Urbizuren «Pela»-ren lehen perfomancearen eszenatokia izango da. Ilargi Aranaren mural berria ere erakutsiko du.

Orbainen gaur egin duten aurkezpena. (NAIZ)
Orbainen gaur egin duten aurkezpena. (NAIZ)

Badira bost urte Gasteizen lagun talde bat elkartu eta Euskal Herrian Punk Rock-aren historia aztertu, kontserbatu eta zabaltzeko lehen elkartea sortzeko hautua egin zuenetik. Ordutik Orbain Kultur Elkartea indartu egin da eta bere oinarriak finkatu ditu: 80 dira jada bazkide egin diren pertsonak eta Arteak Ireki moduko ekimen kulturalen sustatzailea izan dira, tabernetako ekimen kulturalak legeztatu nahi zituen Legea gelditu zuen plataforma.

Gainera, 100 talde baino gehiago igaro dira lokaletik, 20 erakusketa, 8 hitzaldi, diskoen aurkezpenak egin dira, liburuenak, dokumentalen erakustaldiak, antzerkiak, elektrotxarangak, euskara taldearen irteerak, tatoo circus, LGTBIQ jardunaldiak, antifaxistak, edo punkaren arloko emakumeak. Film labur baten grabazioaren eszenatokia ere izan da Orbain.

Hiriko kultura-ekosistema aberatsaren erakusgarri, autokudeaketan eta autosufizientzian oinarritzen eta oinarrituko den espazioa da honakoa. Zehaztapen bat egin dute elkartetik: «Ez dugu diru-laguntzarik jaso, eta ez dugu horretarako interesik. Ez dugu zirkulu toxiko horietan parte hartu nahi, kontrolerako baino ez baitituzte baliatzen, eta, azkenean, proiektu edo lan artistikoak baldintzatzen dituzte, desagerrarazi arte. Bestelako antolaketa eta finantzaketa eredu baten alde gaude. Ez gaude inoren mende, ez dugu iragazkirik nahi. Gure helburua egitea da. Nahi duguna egitea. Gustatzen zaiguna egitea. Herritik eta herriarentzat egitea».

Bosgarren urteurren hau ospatzeko, elkarteak «pandemiak eta Covid-19ak baldintzatutako» kartela aurkeztu du, betiere Orbainek egoerari aurre egiteko aukeratu duen «jarraibidea, gidoiaren» baitan osatutakoa. Iker Zubiak azaltzen duen bezala, «goi mailako urtemuga bat antolatzea pentsatu genuen, baina modu arduratsuan jokatu asmoz itzi eta kultur programazio osoa bertan behera uztea erabaki genuen».

Orbainek orain «neurri murriztaileekin» berreskuratuko dituen ekimen artistikoak dira, era gradualean gozatu ahal izango direnak: «Urteko azken txanpan ekingo diegu berriz, ekitaldi gehiagorekin», azaldu dute. Horrela, uztailean, Orbainek erakusketa bat inauguratuko du, liburutegi tematiko bat, eta Iñaki Urbizu Pelaren lehen perfomancearen eszenatokia izango da. Ez hori bakarrik: Ilargi Arana artista arabarrak egingo duen mural berri bat ere inauguratuko dute.

Erakusketak bost urte hauetan antolatu dituzten ekitaldien kartelik esanguratsuenak jasoko ditu. Bertako hainbat artista grafikok sortutako materiala da eta Bruno Villareal kaleko egoitzan dago. Horrez gain, elkarteak punk eta alternatiba gaiei soilik lotutako liburutegi bat inauguratzeko apustua egin du. «Interneten eta tableten garai hauetan mugarria bat da, baina beharrezko aurrerapausoa. Konfinamenduan zehar ulertu genuen horrelako material komunitarioa izatea eta bazkide guztiok gure eskura izatea oso gomendagarria izan zitekeela».

Horrela, elkarteak diru kopuru esanguratsua bideratu du helburu horretarako, «tokiko merkataritza lagunduz eta gure komunitatearen esku jarriz eleberri grafikotik nobelara doazen liburukiak, denak punk rockari lotutakoak». «Kontsultarako eta ekarpenak egiteko irekia dago, honela Elkarteari literatura-ekitaldiak antolatzeko aukera emanez», argitu dute.