Krisiaren aterabidea feminista izan dadin hainbat neurri biltzen dituen dokumentua aurkeztu du ELAk

Sindikatuak neurri ugari proposatu ditu egungo krisiaren irtenbidea feminista izan dadin. Besteak beste, bizitzeko behar materialak betetzea, bizitza eta zaintza erdigunean kokatzea eta arlo publikoa sendotzea proposatzen du.

naiz|2020/07/16
Ela-feminista
‘Krisiaren irtenbidea feminista izango da!’ txostenaren aurkezpena. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

ELAk ‘Krisiaren irtenbidea feminista izango da!’ izeneko dokumentu bat aurkeztu du ostegun honetan, «bizi dugun krisi sistematikoari irtenbide bat» eman asmo diona. Bertan, neurri desberdinak proposatzen ditu zaintza lanetarako eta, horretarako, ezinbestekotzat jo du sindikatuak erreforma fiskal progresibo baten bidez sektore publikoa indartzea.

Egungo krisitik atera eta eredu ekonomiko feminista eta ekologistara bidea egin nahi du ELAk, «esparru ekonomiko nagusietan nagusitzen den ikuspegi produktibista, merkantilizatua eta espekulatiboa alde batera utzita». Ez du nahi 2008ko krisian ezarritako neurri «neoliberalak» hartzea oraingoan ere, uste baitu horren ondorioak kaltegarriak direla: «Pobrezia eta prekarietatea gero eta feminizatuagoak izango dira, genero-rolak indartuko dira eta indarkeria matxista, LGTBIfobikoak eta arrazista ere indartuko dira, denboraren, lanaren eta aberastasunaren banaketa bidegabeagoa egingo da...»

‘Krisiaren irtenbidea feminista izango da!’ dokumentuan hiru multzotan sailkatu dituzte proposatzen dituzten neurriak. Batetik, bizitzeko behar materialak betetzea, diru-sarrela duinak eta etxebizitza eskubidea bermatuz; bestetik, bizitza zein zaintza erdigunean kokatuko dituzten politikak abiatzea eta, azkenik, arlo publikoa sendotzea.

Hau guztia lortzeko diru-sarrera publikoak handitu behar direla adierazi dute, eta horrek erreforma fiskala egitea eskatzen duela ezinbestean. Hala, ELAk eskatu du aberastasun handien eta ondare-aberastasunaren gaineko zerga pixkanaka handitzeko, %1 eta % 10 arteko errekargu espezifiko baten bidez, edo Sozietateen gaineko Zergaren aitorpenean %20ko errekargu berezi baten bidez, besteak beste.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.