Pandemiagatik atzeratutako hiru hitzordu kultural udazkenera aldatu ditu Bilboko Udalak

Bilboko Udalak udazkenera pasa ditu udaberriko eta udako hiru hitzordu kultural. Horietako bi kale-jaialdiak dira, Bilbo Zaharreko Bilbao La Vieja Art izenekoa eta erdialdean eta alde zaharrean egiten den Kalealdia; hirugarrena, zinema fantastikoa ardatz duen Fant jaialdia.

NAIZ|2020/07/16
Captura_de_pantalla_2020-07-16_a_las_12.24.19
Kalealdia eta Fant zinema jaialdia udazkenean egingo dira. (NAIZ)

Bilbao La Vieja Art ekainean zen egitekoa; Kalealdia, ordea, uztailean. Fant maiatzean bertan behera gelditu zen, baina orain, Udalak hartutako erabakiaren arabera, lehenengo biak irailean burutuko dira, eta Fant, berriz, azaroan. Beti egoerak eta segurtasun neurriak bermatu aldera.

Zehazki, Bilbao La Vieja Art jaialdia irailaren 10etik 20ra egingo da. Hiri errehabilitaziorako bidean dagoen Bilbo Zaharra auzoan ospatu ohi da eta abangoardiako jarduera eta adierazpen artistiko eta kulturalen betetzen du auzoko txokoak. Antzerki eta dantza ikuskizunez gain, tailer esperimentalak egingo dira eta baita bisita gidatuak azken hamarkadetan auzo herrikoi honetan ireki diren galerietara eta sorkuntza-guneetara.

Egoerari lotutako ekitaldiak

Kalealdia jaialdiari dagokionez, irailaren 22tik 27ra egingo da. Urtero bezala, erdigune eta Zazpi Kaleetako kaleetan dantza garaikideko kale-ikuskizunak, zirkua, antzerkia eta clown ikuskizunak atonduko dira.

Eta, azkenik, Bilboko Fant Fantasiazko Zinemaldiaren seigarren edizioa udaberritik azarora pasa dute eta azaroaren 7tik 12ra ospatuko da.

Udalak argitu nahi izan duenez, jaialdi hauek eta aurki iragarriko diren ekimen kulturaletan egingo diren daten aldaketak Covid-19ak sortutako egoerari lotuta egingo dira.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.