NAIZ

Haranbururen askatasuna aldarrikatzeko mobilizazioa eginen du Bake Bideak Senperen

Frederic Xistor Haranburuk apirilean bete zituen 30 urte kartzelan. Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak uztailaren 9an aztertu zuen senpertarrak aurkezturiko hirugarren askatasun auzia. Fiskala, ohi bezala, Haranburu aske uztearen kontra azaldu zen eta horrek kezka berria piztu du. Uztailaren 24an jakinen da auzitegiaren erabakia. Biharamunean, hilaren 25ean, goizeko 11.00etan, mobilizazioa deitu du Bake Bideak Senperen.

Iazko uztailean Suprefetura aurrean, Baionan, eginiko mobilizazioa. (Guillaume FAUVEAU)
Iazko uztailean Suprefetura aurrean, Baionan, eginiko mobilizazioa. (Guillaume FAUVEAU)

Uztailaren 24an jakinaraziko du Parisko Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak bere erabakia Xistor Haranburuk aurkezturiko hirugarren askatasun galderari buruz.

Horren karietara, biharamunean, uztailaren 25ean, larunbatarekin ‘Heriotzeraino kondena bete? 30 urte aski da! Xistor askatu!’ lelopean mobilizazioa deitu du Bake Bideak.

Hitzordua goizeko 11.00etan jarri dute Senpereko bi itzulguneetan.

Duela urtebete aztertu zuen Parisko Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak Frederic Xistor Haranburu euskal presoak baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aurkeztu zuen bigarren eskaera.

2019ko uztailaren 5ean jakinarazi zuen zehazki auziaren emaitza. Epaileak eskaera babestu zuen, baina prokuradoreak helegitea ezarri ondotik, dei auzia iragan zen irailean. Urriaren 10ean, Xistor Haranburu kartzelan atxikitzeko erabakia plazaratu zuen Dei Auzitegiak.

Joan zen uztailaren 9an, azken 30 urteak presondegian eman dituen senpertarra aske uzteko arrazoiak berriz ere entzun zituzten epaileek. Fiskalak ohi duen jokaerari heldu zion hirugarren askatasun galdera errefusatzaren alde azalduz.

«Erabaki horrekin, gizarte zibilak zein Euskal Herriko hautetsien gehiengoak lortu eta babestutako aurrerapenari uko egin eta Baionako fiskaltzaren iritziari entzungor egiten dio fiskaltzak» salatu du Bake Bideak. Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiari Haranbururen askatzearen aldeko jarrera hartzeko deia egin dio elkarteak gaur plazaratu duen ohar baten bidez.

Era berean Bake Bideak Parisen izan den Gobernu aldaketa izan du hizpide. Azkeneko bizpahiru urtetan Euskal delegazioaren solaskide izan zen Nicole Belloubet Justizia ministroak zigor luzeak bete dituzten euskal presoen afera konpondu gabe bere kargua utzi duela oroitarazi ondoren bere ordezko izanen den Eric Dupond-Morettiri oroitarazi dio auzi horri lehenbaitlehen irtenbide emateko premia.

Horren beha, uztailaren 25ean, ‘Heriotzeraino kondena bete? 30 urte aski da! Xistor askatu!’ lelopean mobilizazioa deitu du Bake Bideak Senperen.

Hitzordua goizeko 11.00etan ezarri du Senpereko bi itzulguneetan: Netto supermerkatuaren ondoko biribilgunean bilduko dira BAM eta Lapurdi Barnealdetik helduko diren herritarrak, eta Xisteraren itzulgunean, berriz, Lapurdi hegoaldekoak.