Maite Ubiria

Ramuntxo Clauzelen artaldeak soropil mozketa bermatzen du Biarritzeko Marion aintziran

Biodibersitatea zaintzeko xedez hainbat erakundek zein etxe partikularren jabek pentzerik gabeko artzain batek eskaintzen duen soropil mortzeko sistema guztiz naturala hautatzen dute. Biarritzeko Marion aitziran plantatu da oraingoan Ramuntxo Clauzelen buru beltzen artaldea. Belar eremua garbitzen dute ardiek, eta bertara hurbiltzen diren bisitariei manex ardi arraza zaharrari buruz azalpen guztiak ematen dizkie artzainak.

Ramuntxo Clauzel bere artaldearekin Marion aintziran. (Bob EDME)
Ramuntxo Clauzel bere artaldearekin Marion aintziran. (Bob EDME)

Soropil mozketaz eta orohar berdeguneen zainketaz arduratzen da Ramuntxo Clauzel buru duen enpresak. Badira lau bat urte soropil mozteko sistema mekanikoak eragiten dituen ondorio txarretaz ohartu zen.

Artzainaren esanetan, molde horrekin atontzen diren belar eremuetan biodibersitatea pitinka-pitinka galtzen da. Pinpilinpausak eta orohar insektu gehienak ez dira batere ondo konpontzen udaberriaz geroztik Ipar Euskal Herriko txoko askotan soinu banda berezia sortzen duten belarra mozteko maxinekin.

Ipar Euskal Herriko hedabide guztietan -sare sozialak ahantzi gabe- azaldu da azken egunotan «lurrarik gabeko» artzaina. Are, 40 bat buru beltzez osaturiko artaldea kaletarren izar berriak bilakatu dira.

Belar mozketaren zerbitzu kalitatea bermatze aldera, manex arrazakoak diren ardien ondoan ahuntza ere bada. Ardi batek bataz beste 40 metro karru belar jaten du egunero. Ahuntzari dagokio, berriz, han non ardiek ezin duten belar mozketa bermatu lana findu.

Angelu aldetik igaro ondoren egun hauetan Biarrizko Marion aitziran gelditu da Clauselen artaldea.

Ahoz aho zabaldu da berria eta bereziki arratsaldeko partean inguruko lagun dezente, sarritan gurasoak ume gazteekin, hurbiltzen dira ardiak ikustera. Egunaren bukaeran artzainaren aginduak jarraikiz bi txakurrek bermatzen dute ardien bilketa, bisitarien gozamenerako.

Artzainak ez dio eguneroko hitzorduari kale egiten, eta gustora ematen dizkie bisitariei animaliei inguruko berriak, baita ardiak hazteko lanen gainean xehetasun guztiak ere.

Biarritzeko hondartzak udatiarrez beteta dauden uda garai honetan itsas jarduerak albo batera utzi eta mendiari loturiko bizitzara hurbiltzeko pasabide bat proposatzen du artzain ibiltariak.

Ramuntxo Clauzelek hitz eman duenez ondoko egunotan ardien ile mozketa, bistan da antzineko moldearen bidez, eskuz, eginen du. Baietz Marion aintziraren eremuan kuxkuseroz beteko den ardiak ikusteko aitzakiaz ardi tropela soropil mozteko lanabes -erregairik gabekoa- bilakatu duen artzainaren istoriak entzutera !