NAIZ

Elkarlanerako hitzarmena berritu dute Nafarroako Parlamentuak eta Euskaltzaindiak

Elkarlanerako hitzarmenaren berritzea sinatu dute gaur Iruñean Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek eta Euskaltzaindiako buru Andres Urrutiak. Euskararen lurraldeetako aintzineko testu juridikoen erakusketa bat egingo dutela iragarri dute.

Unai Hualdek eta Andres Urrutiak sinatu dute Nafarroako Parlamentua eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenaren hitzarmena gaur Iruñean. (NAFARROAKO PARLAMENTUA)
Unai Hualdek eta Andres Urrutiak sinatu dute Nafarroako Parlamentua eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenaren hitzarmena gaur Iruñean. (NAFARROAKO PARLAMENTUA)

Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek eta euskaltzainburu Andres Urrutiak gaur sinatu dute bi erakundeek adosturiko hitzarmena, antzinako testu juridikoen erakusketa ibiltari baten antolaketa ahalbidetzeko, 2015ean ezarritako lankidetza-estrategiaren gerizpean. Aurreikusten da erakusketa hori heldu den urteko urtarrilean inauguratuko dela, Foru Legebiltzarraren egoitzan.

Nafarroako Parlamentuak eta Euskaltzaindiak uste dute interesgarria dela erakusketa batean ikusgai jartzea euskararen lurraldeetako erakundeetan sakabanaturik dauden antzinako euskarazko testu juridikoak, egoki diren azalpenez lagunduta.

Aipatu erakusketa prestatzeko bertan parte hartuko dute, halaber, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Akitania Berriko Eskualdeko Conseil Regional delakoak, Nafarroako Parlamentuak bere itzultzaileetako bat Legebiltzarraren ordezkari izendatuko du, parte har dezan Euskaltzaindiaren gidaritzapean esanahi historiko, instituzional edo sozial berezia duten testu juridikoen hautaketaz arduratuko den lantalde teknikoan.

Era berean, Nafarroako Parlamentuko artxibo eta dokumentazio zerbitzuek laguntza emanen dute eskatzen zaien dokumentazio guztia aurkitu eta eskuragarri uzteko.

Erakusketa-gunearen egokitzapena eta bisitarien arreta, bai eta behar bereziak dituzten herritarrentzako sarbidea ziurtatzea ere, Nafarroako Parlamentuaren ardura izanen da, zeinak 5.000 euroko gehieneko kopuruaz lagunduko baitio erakusketari.

2018koa berritua

Esan behar da Nafarroako Parlamentuak eta Euskaltzaindiak hiru urterako hitzarmen bat sinatu zutela 2018ko martxoaren 18an, iraupen bereko ondoz ondoko aldietarako luzatu ahalko dena. Hitzarmen horren xedea da, besteak beste, euskarazko Hiztegi Juridiko lexikografikoa hobetzea.

Lan hori Lexikoaren Behatokia izeneko proiektu zabalago batean txertatzen da, zeinak egungo euskararen 68 milioi hitz-testuko base bat baitauka jadanik, esparru eta formatu desberdinetan erabiliak.

Ekimen horren helburua bikoitza da. Alde batetik, kontsultagarri egotea, Euskaltzaindiak jaulkitzen dituen arauak eguneratu nahiz etorkizunean aldatzeko xedez egiten dituen ikerketa-lanetarako. Eta, bestetik, funtsezko atal bat izan nahi du XXI. Mendeko Euskararen Corpusa izeneko langintza hedatsu batean, zeinari etorkizunean ekin nahi baitio Euskaltzaindiak. Horrenbestez, eta bi helburu horietan sakondu ahal izateko, ezinbesteko gertatzen da Lexikoaren Behatokia proiektuan jasotako testuen jatorria aberastu eta ugaritzea.

Lehenago, 2015eko urtarrilaren 21ean, bi erakundeek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, lexiko parlamentarioa bateratzeko asmoz. Lan horretan Eusko Legebiltzarrak eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Batzar Nagusiek ere parte hartu zuten.

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentearen hitzetan, Euskaltzaindiarekin sinatutako lankidetza hitzarmena «urteetan zehar esparru juridikoan egin den ekarpena erakusteko eta gizarteratzeko» beharretik dator. «Horregatik da hain garrantzitsua erakusketa ibiltari hau. Euskara nafar guztion ondarea da, eta Foru Komunitateko bigarren hizkuntza ofiziala izanik, zentzuzkoa da zaintzea, are gehiago hura gutxitzen saiatzen diren ahots eta ekintzen aurrean».

Hualdek gogora ekarri du «bere ibilbide akademiko eta historikoa aintzat hartuta», Nafarroako Parlamentuak Euskaltzaindiari joan den abenduan eman zion domina, «lankidetzari jarraipena emateko» helburuarekin. Bukatzeko, «Andrés Iñigoren lana eskertu nahi dut, orain euskaltzain emeritua baita, eta Pascual Rekalde hizkuntzalari nafarra ere zoriondu nahi dut, orain dela gutxi euskaltzain osoa bihurtu baita» esan du.

Lankidetza nabarmendu du Euskaltzaindiak

Andres Urrutia euskaltzainburuak «Nafarroako Parlamentuarekin aspalditik adostuta ditugun lankidetza-ildo nagusiak» akordio honekin berresten direla azpimarratu du. «Lankidetzan jardutea garrantzitsua da beti, baina askozaz garrantzitsuagoa da garai latz hauetan. Euskaltzaindiak ilusioz eta arduraz izenpetu du akordio hau, Akademiaren helburu nagusia euskararen aurrerakuntza baita, izan Nafarroan, izan euskararen bestelako lurraldeetan».

Hitzarmena izenpetzearen kariaz Unai Hualdek eskainitako harrera-ekitaldira Euskaltzainburuari lagun egin dion Euskaltzaindiaren delegazioa osatu dute Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaritzako arduradun Andrés Iñigok, idazkariorde Erramun Osak eta diruzain eta Sustapen Batzordeko buru den Sagrario Alemanek.

Ekitaldia Legebiltzarraren egoitzako erabilera anitzeko aretoan egin da eta bertan zeudenen artean Inma Jurío, Nafarroako Parlamentuko bigarren presidenteordea izan da.