NAIZ

EAEko ekonomiak eta enpleguak %20 inguru egin dute atzera bigarren hiruhilekoan

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordina %20,1 uzkurtu da urteko bigarren hiruhilekoan, iazko epe berarekin alderatuta, Eustat estatistika institutuak emandako datuen arabera. Enpleguaren galera ere ia %20koa izan da epe horretan. «Aurrekaririk gabeko atzeraldia» izan da, Lakuako Gobernuak nabarmendu duenez.

Zerbitzuen alorra dago enplegu galeraren buruan. (Gorka RUBIO / FOKU)
Zerbitzuen alorra dago enplegu galeraren buruan. (Gorka RUBIO / FOKU)

Eustatek eginiko Hiruhileroko Kontuen Aurrerapenaren estimazioen arabera, EAEko Barne Produktu Gordina (BPGd) 2020ko bigarren hiruhilekoan %20,1 uzkurtu da, 2019ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta. Egutegiko eta urtaroen araberako ondorioak atera ondoren, hiruhilekoen arteko terminoetan, BPGd estimatuak %16,9 egin du atzera, erakunde horrek ohar batean azaldu duenez.

Enpleguari dagokionez, denbora osoko lanpostu baliokide gisa neurtuta, %19,8 egin du behera, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean. Hiruhilekoen arteko terminoetan, egutegiko eta urtaroetako ondorioak zuzendu ondoren, hiruhilekoen arteko aldaketa -% 17,0koa dela kalkulatzen du Eustatek.

Oharrean argitu duenez, Kontuen Sistema Europarrak (KSE) lanpostuaren definiziotik kanpo uzten ditu aldi baterako lan egiten ez duten baina beren lanpostuarekin –bermearekin edo berriro lanean hasteko datari buruzko akordioarekin, esaterako ABEEEen kasua– lotura formala duten pertsonak.

Datu horiek Lakuako Gobernuak pandemiaren ondorioz aurreikusitako galerak baino askoz handiagoak dira.

Estatistika erakundeak gogora ekarri duenez, covid-19aren pandemiari aurre egiteko martxoaren 15ean indarrean sartu zen alarma egoera ekainaren 21era arte egon zen indarrean. «Gizartea konfinatzeko hasierako aldiaren ondoren eta jarduera ekonomikoa ia erabat gelditu ondoren, apirilaren 14an deseskalada prozesua hasi zen; haren bidez, pixkanaka Euskadiko AEko jarduera ekonomikora bueltatu gara, eta oraindik bide horretan jarraitzen dugu. Orain arte ekonomian izan duen inpaktu globala oso zorrotza izan da, eta urteko bigarren hiruhilekoan Eustaten zenbatetsitako serieetan sekula ezagutu ez den BPGd-aren atzerapena eragin du».

Aurreikuspenak berrikusi

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak adierazi duenez, Eustatetk Lakuako Gobernuaren azken aurreikuspenak beherantz gainditzen dituzten datuak eman ditu, eta horrek esan nahi du irailean ziurrenik ekonomiaren eta enpleguaren hazkundea berrikusi beharko dela.

«Inoiz ezagutu dugun egoera bereziena bizitzen ari gara, bai bere berezitasunarengatik, bai osasun kolektiborako dituen arriskuengatik, eta baita sortu den krisi ekonomiko eta sozialaren sakontasunarengatik ere», esan du Azpiazuk. «Dena den, egia da finkapenerako politika eraginkorra daukagula».