NAIZ

Urduñan hasi eta Durangon amaitu da Izan Bidea bizikleta itzuliaren bigarren etapa

Sarek antolatutako Izan Bidea dinamikaren baitako bizikleta itzuliaren bigarren etapa egin dute ostiral honetan, Urduña eta Durango batuz eta Araba eta Bizkaia lotuz. Atzo, 80 lagun bildu zituen euskal presoen eskubideen aldeko Lekunberri eta Hernaniko etapak, eta gaur ere beste hainbeste elkartu dira herriz herri batu diren kideekin.

Urduñatik abiatu da Izan Bidea bizikleta martxa gaur. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Urduñatik abiatu da Izan Bidea bizikleta martxa gaur. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Ostiral honetako goizeko 9.00etan Urduñatik abiatu da Sarek antolatutako euskal presoen eskubideen aldeko Izan Bidea bizikleta itzuliaren II. etapa. Amurrio, Luiaondo, Laudio, Arrankudiaga, Ugao, Basauri, Galdakao eta Zornotza igarota, Durangon amaitu da Bego Atxaren hitzartzearekin. Guztira, 60 kilometroko ibilbidea egin dute. 

Izan Bidea dinamika honen baitan kilometroak egiten ari dira, «etxerako bidea ez ezik, elkarbizitza eta bakerako bidea ere eraiki nahi dugulako», azaldu du Sarek prentsa ohar batean.

«Oraindik askatu gabeko korapiloak askatzeko, gainditu gabeko minak gainditzeko, sufrimendua sortzen duen guzti horri aurre egiteko; finean, garai berri bat ateak zabaldu eta herri gisa aurrera egiteko. Konponbideaz hitz egiten ari gara, estadio berri batera eramango gaituzten eta behar beharrezkoak diren urratsak emateaz», gaineratu du.

Ildo horretan, «gutako bakoitza sortu nahi dugun jendartearen eta ondorengoei utzi nahi diogunaren arduradun eta sortzaile gara», nabarmendu du Sarek, baina «baita gu ordezkatzen instituzioetan dauden guztiena ere eta noski, eragile, sindikatu eta alderdi politikoena ere».

Izan ere, Sarek Euskal Herrian «bide horretan urrats ugari eman direla» nabarmendu du, «kontsentsu zabala» baitago, «jendartearen gehiengoa ordezkatzen» duen adostasuna.

Hala ere, «adostasun» hori Madrilera ere eraman beharra dagoela azpimarratu du, «espetxeetako egoerari benetako aterabidea eman ahal izateko».

Lehen etapa Lekunberritik Hernanira bitartekoa izan zen atzo eta azken etapa larunbat honetan egingo dute, Basauriko espetxetik Bilbora.

Berez, Martutene, Zaballa eta Iruñeko kartzeletatik ere abiatzekoa zen itzulia, herrialde bakoitzeko hiriburaino, baina Sarek jakinarazi zuen, covid-19a azken egunetan izaten ari den eragina dela eta, azken eguneko ibilbidea etapa bakarrera murriztu behar izan dutela, «segurtasun baldintzak modu egokian betetzen direla ziurtatu ahal izateko»

Urte gogora preso eta senideentzat

Aurtengoa bereziki urte gogorra izaten ari da, bai senide eta baita preso dauden euskal herritarrentzat ere. Izan ere, Sarek gogoratu du covid-19a dela eta hiru hilabete igaro behar izan dituzte senideek bisitarik gabe.

«Hiru hilabete luze izan dira, zeinetan haurrek ezin izan duten euren gurasoekin bisitarik izan. Denbora guzti horretan ezjakintasuna eta ziurgabetasuna izan dira nagusi senide eta presoei dagokionean, baita espetxeetan dagoen gabezia higieniko eta masifikazioaren ondorioz, beldurra ere», azpimarratu du.

Hori nahikoa ez balitz, «urruntze politikak gauzak are zailago eta gogorragoak» bilakatzea ekarri duela gogoratu du. Bisitak berreskuratu ostean, gainera, «senideek berriro ere ehunka eta milaka kilometro» egin behar dituztela adierazi du, pandemia oraindik indarrean den honetan, «bizia errepidean arriskatuz».