NAIZ

Paco Rocaren ‘The house’ eleberri grafikoak Eisner saria irabazi du

Paco Roca marrazkilari valentziarrak Estatu Batuetako Eisner saria irabazi du 'The house' (La casa) eleberri grafikoagatik; zehazki, nazioarteko materialaren edizio onenaren saria jaso du. Bilboko Astiberri argitaletxeak kaleratuta beste liburu batek, Emma Rios galiziarraren ‘Bella Muerte 3’ alegia, azala onenarena eskuratu du. 

Astiberrik argitaratutako «La casa» komikiak sari andana jaso du. (NAIZ)
Astiberrik argitaratutako «La casa» komikiak sari andana jaso du. (NAIZ)

Astiberri argitaletxeak jakinarazi du gaur Paco Rocak eta Emma Ríosek Eisner sari bana irabazi dituztela, ‘La casa’ eta ‘Bella Muerte 3. La rata’ lanengatik. Twitter-en, Roca oso pozik agertu da saria jasotzean.

Sari hauek urtero San Diegoko Comic-Con jaialdian banatzen dira, baina aurten, koronabirusaren pandemia dela eta, Phil Lamarr aktoreak gaur  gauean aurkeztutako zeremonia birtual batean eman ditu jakitera.

2015. urtean argitaratu zuen Bilboko argitaletxeak Paco Rocaren ‘La casa’ eleberri grafikoa. Iaz Fantagraphics argitaletxe estatubatuarrak kaleratu zuen ingelesez, eta orain «nazioarteko materialaren edizio onenaren» kategoriako irabazlea suertatu da.

Oihartzun autobiografikoak


Istorio honetako protagonista, hiru anai dira. Aita hil eta urtebetera gurasoen etxera itzuliko dira. «Etxea saldu egin nahi dute, baina botatzen duten traste bakoitzak  oroitzapen bat dakarkie eta horri aurre egin beharko diete. Beldur dira iraganaz eta aitaren oroitzapenaz ahaztuko ote diren. Paco Rocaren lan honetan oihartzun autobiografikoak hautematen dira, egileak gertutik bizi izan duen egoera kontatzeko beharretik sortuak», argitaletxearen esanetan.

Orain arte jaso dituen sarietara gehitu da Eisner saria. 2016an estatuko komiki onenarena jaso zuen Zona Cómic-en eta ‘Le Parisien’ egunkariak urteko eleberri garrantzitsuena izendatu duen. 2017an Erromako komiki-aretoko Romics 2017 sari nagusi eman zioten.

Emma Ríos egile galiziarrak, berriz, azala onenaren Eisner 2020 saria irabazi du ‘Bella Muerte 3. La rata’ komikiagatik. Hain zuzen ere, Astiberrik aste honetan kaleratu du eleberri hau.

‘Bella Muerte 3. La rata’ komikian, Kelly Sue DeConnick eta Emma Ríosek Hollywood klasikoan ospearekin amesten zuen neska gazte baten heriotzaren misterioa argituko dute.