Gasteizko Parlamentu berriari presoekiko akordioa berresteko eskatuko dio Sarek

Lekunberritik ostegunean atera eta gaur eguerdian iritsi da Bilboko San Mames estadiora, Sarek antolaturiko hirugarren Bizikleta Itzulia. Bertan Joseba Azkarragak aurki Gasteizeko Parlamentua osatuko duten alderdiekin bilerak izateko asmoa aurreratu zuen, presoen inguruko akordioak berretsi eta bultzatzeko aldera.

Amaia Ereñaga|2020/07/25
Basauri
Basauriko espetxetik abiatu da gaurko ibilbidea. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Sarek antolatutako dinamikaren baitako bizikleta itzuliaren azken etapa Basauriko kartzelatik atera da goizeko 9etan eta, Ezkerraldera Iritsi eta, Portugaleteko zubia zeharkatu ondoren, ibaia jarraituz San Mamesera iritsi da eguerdian.

Izan ere, «mugimendurik gabe ez dago aldaketarik» leloa errepideetara eraman du Izan Bidea ekimenak. Aurtengo itzulia berezia suertatu da, dena den, segurtasun eta osasun baldintzak modu egokian betetzen direla ziurtatzeko, prestatutako lau bizikleta ibilbideetatik hiru bertan behera gelditu direlako. Mantendu den bakarra, hauxe, Bilbokoa.

Athleticeko estadioaren aurrean egindako bukaera ekimen xumean, Joseba Azkarraga eta Bego Atxak, Sarearen izenean, egoera berezi bati (euskal presoen eszepzio egoera, alegia) egokitutako ibilbide berezia egin dela aipatu duten. Bertan Azkarragak, orain arte egindako 200.000 km baino gehiago gogorarazi ditu eta baita ekimen honen hiru ardatz: urrunketa politikaren bukaera, gaixorik dauden presoen egoera salatu, gradu aldaketak egon daitezela eta euskal presoek eta beraien familiak pairatzen duten  eszepzio egoera honen bukaera.

Era berean, iragarri dutenez, hauteskundeetatik sortutako Gasteizko parlamentua osatzen denean, abuztuan edo irailean, bertako alderdi politikoekin biltzeko asmoa dute, "aurreko legealdian lortutako akordioa bermatzeko" aldera.

Lau ibilbidetik, hiru bertan behera

Euskal preso eta iheslarien aldeko aldarria lau haizeetara zabaltzea du helburu dinamika honek, 2020. urtea, behingoz, salbuespeneko espetxe politikekin amaitzeko urtea dela iritzita.

Hastapenean 3.127.326 kilometro egiteko erronkari heldu nahi izan zion ekimen honek; Euskal Herriako biztanle bakoitzeko kilometro bat. Presoen etxerako bidea irudikatuko nahi zuten horrela, baina Covid-19a izaten ari den eraginagatik, bertan behera geldituko ziren lau bizikleta ibilbideetatik hiru: Martuteneko espetxea eta Donostia lotzen zituena; Zaballako espetxea eta Gasteiz lotzen zituena, eta Iruñeko espetxea eta Iruñea lotzen zituena.

Hala, ibilbide bakarra egin da, Lekunberritik ostegunean, uztailaren 23an, atera zena eta gaur Bilbora iritsi dena. Bidean, hiru etapa; Lekunberri-Hernani lotu dituena, atzo Urduñatik Durangora egin zena, eta gaurkoa, alegia, goizeko 9etan Basauriko kartzelatik ater eta eguerdian San Mamesera iritsi dena. Bidean, Bilboko kalean zeharkatu dituzte txirrindulariek.

Herritarrak aktibatu eta alor politiko, sindikal eta sozialaren inplikazioa bilatzea du xede Bizikleta Martxak. 2020. urtea salbuespeneko espetxe politikekin amaitzeko urtea dela uste dutelako, Sarek euskal preso eta iheslarien auziari behin betiko konponbidea eman, jendartea aktibatu eta aniztasuna batzea helburu duen dinamika jarri du.

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.