NAIZ

Euskal Encounter topaketa birtualak 3.317 parte-hartzaile eta 100.000 ikusle elkartu ditu

Urretxun bildutako antolatzaile taldea pozik agertu da Euskal Encounter 28 topaketa berezi honek utzitako emaitzarekin eta egin dituzten ekintzek (ehun baino gehiago) izan duten jarraipenarekin.

Urretxuko Ederrena frontoiak hartu du Euskal Encounter topaketaren edizio berezi hau. (EUSKAL ENCOUNTER)
Urretxuko Ederrena frontoiak hartu du Euskal Encounter topaketaren edizio berezi hau. (EUSKAL ENCOUNTER)

Ostiralean hasi eta igande gau honetan amaitu arte azken orduak bizi dituen Euskal Encounter 28 topaketa birtualak 3.317 parte-hartzaile elkartu ditu. Ohar baten bidez antolatzaile taldeak jakinarazi duenez, pozik daude emaitzarekin, baita prestatutako ehundik gora ekintzek izan duten jarraipen «nabarmenarekin». Twitch plataformaren bitartez igorritako saioak, gainera, 100.000 ikusle baino gehiago izan ditu, eman dituzten behin-behineko datuen arabera.

Bilkura Euskaltel Fundazioak antolatu du eta Lakuako Gobernua, Spriren bitartez, Gipuzkoako Aldundia eta Urretxuko Udala izan ditu laguntzaile gisa.

Urretxuko Ederrena frontoian bildutako antolatzaile taldeak jakinarazi du ekintzetan parte-hartze handia izan dela eta hitzaldiek ikusle ugari erakarri dituztela. Esaterako, hitzaldien edukiera handitu egin behar izan da, areto birtualak 50 lagun hartzeko prestatuak baitzeuden, eta mintzaldi batzuetan 400dik gora pertsonek parte hartu nahi izan dutelako. Hortaz, espazio birtual berriak sortu behar izan dira, momentuan, pertsona horiei guztiei lekua egiteko.

Halaber, sormen digital, programazio, bideo-joko eta hardware arloetako lehiaketek bilkura presentzialen antzeko partaidetza maila izan dute.

«Revival edizioa»

Euskal Encounter topaketa bere sorgunera itzuli da aurten. Izan ere, Urretxuko frontoian ospatu zen bilkura teknologiko hau, lehen aldiz, 1994an, 36 parte-hartzailerekin, 25 ordenagailurekin eta internetik gabe, noski. Aurtengo zita, berriz, desberdina izan da, esaterako, segundoko 10 Gb-eko sarea ezarri baitu Euskaltelek frontoian. Osasun krisiaren ondorioz, topaketa birtuala egin behar izan dute. 

Aurtengo Euskal Encounter gauerdia pasata amaituko da, Grison eta Jaime Caravacaren beatbox eta komedia saioarekin. Euskal Encounterren Twitcheko kanalaren bitartez jarraitu ahal izango da transmisioa.