Amurrio izan da Arabako eskuzko Herriartekoaren 50. ekitaldiko txapelduna

Aiaraldeko derbian Amurrio izan da nagusi, Laudiori 2-1 irabazita. Hala, mende erdiko txapelketako edizioko txapelak eta dominak eraman dituzte etxera amurriotarrek.

Imanol Carrillo|2020/07/31
Herriartekoa
Talde-argazkia, Amurrioko txapeldunak eta Laudioko txapeldunordeekin. (Endika PORTILLO/FOKU)

Laudio erdian kokatuta dagoen Lamuza parkeko pilotaleku irekian erabaki da Arabako eskuzko Herriartekoaren 50. ekitaldiko txapelketa. Bertan, aurrez-aurre, tradizio eta indar handiko Laudio eta Amurrio aritu dira.

Kadeteen partidan, Laudioko Jon Rubiños eta Aner Salazar bikoteak 22-5 irabazi diete Amurrioko Aitor Sanchez eta Arkaitz Escuzari. Jubeniletan, aldiz, amurriotarrek berdindu egin dute finala, Aitor Arauzo-Iker Larrazabalek 22-0 irabazi baitiete Oier Picon-Aimar Amandori.

Dena erabakitzeke zegoen hirugarren eta azken partidan, seniorrekoan. Laudiok Axular Alonso jubenila igo du partida erabakigarria jokatzeko, baina, Aitor Ayesarekin batera, ezin izan dute Koldo Iriarte-Aitor Landaluze bikotearen kontra (22-7).

Berezia izan den aurtengo ekitaldiko finalera iristeko –Covid-19ak erabat hankaz gora jarri baitzuen antolakuntza–, Laudiok eta Amurriok Gasteiz eta Aramaio kanporatu zituzten finalerdietan, bi kanporaketetan 2-1eko emaitzarekin.

Laudiok azken urteetako talderik erregularrena zela berretsi zuen, hirugarren urtez jarraian jokatu baitu finala, baina ezin izan du ibilbide bikainari amaiera ederragoa eman.

Beste herrialde batzuetan ez bezala, Araban eutsi egin diote 2020 ekitaldi honi eta, berandu bada ere, aurten txapelduna zein den jakin da ostiral honetan.

Lamuza parkeko pilotalekuan jokatutako finalaren momentu bat. (Endika PORTILLO/FOKU)

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.