EH Bildu: «Urkulluk adostutako defizit muga ez da nahikoa murrizketak saihesteko»

Koalizio abertzaleak nabarmendu duenez, %2,6ko defizit muga «oso urrun» dago Lakuak planteatutako %3,5etik eta «zerga politika aldatu ezean, murrizketak ekarriko ditu». «Ez da onargarria Madrili baimena eskatu behar izatea herri honek behar dituen neurriak hartu ahal izateko», gaineratu du.

NAIZ|2020/07/31
Moncloa
Urkullu eta Sanchez, Moncloan egin zuten bilera batean. (J. DANAE / FOKU)

Ohar baten bitartez, EH Bilduk gogoratu du Lakuako Gobernuak defizit muga %3,5era igotzea planteatu zuela duela egun batzuk baina, jarraian, argitu du ez dela hori Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak eta Pedro Sanchez espainiar Gobernuko presidenteak adostutakoa, %2,6koa baizik, «Nafarroakoa baino hiru hamarren altuagoa bakarrik».

EH Bilduren ustetan, «bistakoa da Urkulluk adostutakoa oso urrun dagoela bere gobernuak berak planteatutako portzentajetik eta ez dela nahikoa izango pandemiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiari emandako astindua konpentsatzeko».

Zentzu horretan, koronabirusaren krisiak eragin duen beherakada ekonomikoaren aurrean, defizit muga %2,6ra igota Lakuak eskuratuko dituen baliabide ekonmikoak «ez dira berez nahiko izango diru-sarrerak orekatzeko eta argi dago zein izango den ondorioa: murrizketa gehiago», adierazi du koalizioak.

«Egoerak –EH Bilduren aburuz– diru-sarrerei buruzko eztabaida integrala eskatzen du. Lehenik eta behin, zerga politika berri bat, baliabideen nahikotasuna bermatzeko eta, hala, murrizketen arriskua desaktibatzeko; gero, zorpetze politika eta Europako funtsen erabilera adostea, bai eta AHT bezalako azpiegitura handien luzapen bat ere».

EH Bildurentzat, «defizit mugaren negoziazioak ezin hobeto islatu du Estatu espainolarekiko menpekotasun harremana, aldebikotasun faltsua, eta agerian utzi du berriz ere herri honek menpekotasunetik burujabetzara salto egin beharra duela». 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.