Urdinen inspirazioa bi aldiz irauli eta laugarren puntua eskuratu dute Olaizola-Zabaletak (22-18)

Partidaren lehen zati ikusgarria egin dute Jaka-Albisuk, baina pilota aldaketarekin batera gorriek partida bi aldiz irauli dute Caixabank Masterseko laugarren puntua eskuratuz. Behin-behineko liderrak dira Olaizola-Zabaleta.

Imanol Carrillo|2020/07/31
Olaizola
Olaizola II.a, pilota astintzen Aiegiko pilotalekuan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Aiegiko pilotaleku berriak ateak ireki ditu gaurkoan lehendabiziko aldiz profesionalentzat. Eta bertara gerturatutako ikusleek ikuskizun polita ikusi ahal izan dute, bi partidez osaturiko jaialdi batekin.

Partida nagusian, Olaizola II.ak eta Zabaletak Caixabank Masters txapelketako laugarren garaipena erdietsi dute, eta horrekin batera behin-behineko liderrak dira.

Ez dute neurketa erraza izan. Partidaren lehen zatian Jaka-Albisu 2-8 aurreratu baitira markagailuan, atzelariaren kolpeei eta aurrelariaren inspirazioari esker. Izan ere, 2-8koa lortzeko Jakak ezkerrez bi pareta polita egin du.

Hala ere, gorriek 4-8koa egin eta pilota aldatu dute, ‘1’ zenbakia zuena aukeratuz. Hor egon da partidako beste gakoa. Olaizola eta Zabaletak guztiz asmatu dute material horrekin eta atzelari nafarra atzeko koadroetan dominatzen hasi da. Aimarrek ederki aprobetxatu du bizkarzainaren lana eta tantoak eskuratzen hasi da. Hala, 4-8tik 11-9ra joan dira markagailuan.

Hor partida berdindu egin da eta urdinek buelta eman diote berriro, 13-15 aurretik ipiniz –aipatzekoa da 13-13ko berdinketa Jakak lortu duela gantxo ikusgarri batekin–. Baina berriro pilota aldatu eta gorriek seoigarren martxa ipini dute. Albisuk huts batzuk ere egin ditu, baina 20-18ra gerturatzea lortu dute, Jakak egindako tanto polemiko bati esker. Olaizolak txapa eskatzen zuen, eta hala zirudien, baina epaileek tantoa eman diete urdinei.

Honek ez du ezustekoa ekarri eta gorriek laugarren garaipena lortu dute Aiegiko pilotaleku berri eta irristakorrean.

Arretxeren agurra

Jaialdiko lehen partidan, Iker Arretxek agur esan dio 15 urteko ibilbide profesionalari, denak Asegarce/Baikon, 2005eko ekainaren 11an Iruñeko Labriten debuta egin zuenetik. Aurrelaria, Salaverri II.arekin bikote eginda, 750. partida jokatu du, baina ezin izan du garaipenarekin ospatu, 11-22 galdu baitu Dario-Garmendiaren aurka.

Partidaren amaieran, senide eta lagunez inguratuta, honakoa esan du: «Gozatzera atera naiz kantxara. 15 urte hauek oso azkar pasa dira».

Iker Arretxe, lagunak agurtzen bere azken partidan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

PARTIDA NAGUSIKO FITXA

Pilotakadak: 490.

Iraupena: 64:25.

Markagailua: 0-1, 1-1, 1-3, 2-3, 2-8, 4-8, 4-9, 11-9, 11-10, 13-10, 13-15, 20-15, 20-18 eta 22-18.

Sakez egindako tantoak: 2 Olaizola II.a eta 0 Jaka.

Jokoan egindako tantoak: 11 Olaizola II.a, 6 Zabaleta, 13 Jaka eta 1 Albisu.

Hutsak: 1 Olaizola II.a, 3 Zabaleta, 0 Jaka eta 3 Albisu.

Gorabeherak: Giro bikaina Aiegiko pilotaleku berrian.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.