Haritz Larrañaga

Gaurtik aurrera maskara derrigorrezkoa izango da Biarrizko erdigunean

Biarrizko erdigunean derrigorrezkoa izango da maskararen erabilera gaurtik aitzina eta litekeena da datozen egunetan beste zenbait herritan ere neurri bera ezartzea. Ipar Euskal Herriko auzapezen artean eztaibada piztu da jende pilaketak izaten diren lekuetan neurriak zorrozteko hartu beharreko erabakien inguruan.

Aurrerantzean Biarrizko Hondartza Handiko inguruetan ere derrigorrezkoa izango da maskararen erabilera. (Bob EDME)
Aurrerantzean Biarrizko Hondartza Handiko inguruetan ere derrigorrezkoa izango da maskararen erabilera. (Bob EDME)

«Prebentzioan zentratuko gara eta esku zabal jokatuko dugu hasieran, baina jendeak errespetatzen ez badu isunak jarriko ditugu», azaldu zuen Maider Arosteguyk, Biarrizko auzapez berriak. Gauzak honela, pixkanaka ezartzen joan diren neurrien artean azkena da kalean ere maskararen erabilera derrigortzearena eta baliteke beste auzapez batzuek ere neurri zorrotzagoak ezartzeko hautua egitea.

Ipar Euskal Herrian soilik eremu itxietan da derrigorrezkoa maskararen erabilera, baina jende pilaketen ondorioz udalerri batzuek neurri bereziak hartu behar izan zituzten eta udak aurrera egin ahala auzapezen ardura handitzen joan da. Pasa den asteburuan kostaldeko herrietan (Hendaia, Donibane Lohizune, Biarritz, Angelu) egiten diren merkatu irekietan saltzaile eta bezeroek maskarak erabiltzeko agindua ezarri zuten, eta derrigorrezko ez den herrietan ere, herritarrak maskara erabiltzera gonbidatzen dituzten afixak ezarri zituzten.

Hartutako neurrien artean zeresana eman duen beste erabakia abuztuaren 4tik aitzina ezarriko den hondartzen itxiera izan da. Gaueko22.00etatik goizeko 6.00etara Biarritz eta Angeluko hondartzak ixteko ordenanrza bat plantan ezarri dute bi herrietako auzapezek. Modu horretan gauetan hondartzan egiten diren festak ekidin nahi dituzte jende pilaketak oso ohikoak izan baitziren uztaila amaieran Biarritzen eta inguruko hondartzetan.

Edonola ere, orokorrean giroa lasaiagoa da Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako kaleetan Euskal Herriko gainontzeko probintzietan baino, kalean maskara eramatea ez baita derrigorrezkoa Ipar Euskal Herrian. Horregatik, Biarrizko eremu batean (Kai Zaharra eta Palais hotela bitartean) ezarri duten neurriak eztabaida sortu du auzapezen artean, guztiak ez baitira ados eremu irekietan maskararen erabilera derrigortzearekin.  

Eztabaida mahai gainean
Maskaren erabilera hedatzearen aldekoa den Jean-René Etchegarayk, Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakaria denak, eztabaida mahai gainean dagoela iragarri zuen uztailaren 29an eta kostaldeko herrietako auzapezekin harremanetan dela adierazi zuen.

Marie-Pierre Burre-Cassou Getariako auzapezak, esaterako, kostaldeko auzapezen eta prefetaren arteko bilkura bat egitea komenigarria izango litzatekeela jakin arazi zuen. Ostera, Jean François Irigoyen, Donibane Lohizuneko auzapeza, ez dago ados kalean maskararen erabilera derrigortzearekin. Pasa den astean 250 PCR froga egin zituztela eta positibo bat bera ere ez zela izan oroitarazten du. Aldiz, jende gehien biltzen den eremuetan herritarrak maskara erabiltzera gonbidatzen dituzten afixak jartzearen aldekoa da.

Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezaren iritziz erabakia inguruko herriekin batera aztertu behar da, baina jada merkatu irekietan maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela oroitarazten du.

Artean, Maider Arosteguy auzapezak deia luzatu die gainontzeko auzapezei, Biarritzen ezarri dituzten neurriak jende pilaketak izaten diren beste herrietan ere ezarri ditzaten.