NAIZ

Arregi-Huegun, Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekiko txapeldunak lehen mailan

Oiartzungo Girizia elkarteak antolatutako lehiaketaren XXXVII. edizioko finalak oso orekatu eta maila handikoak izan ziren eta Gallastegi-Etxeberria eta Zurutuza-Manterola izan ziren bigarren eta hirugarren mailako txapeldunak.

Txapelketako finalista guztiak euren garaikurekin. (GIRIZIA)
Txapelketako finalista guztiak euren garaikurekin. (GIRIZIA)

Zailatasunak-zailtasun, Oiartzungo Girizia elkarteak antolatutako Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekiaren XXXVII. edizioak –Udalaren laguntza eta babesa duena– ere baditu bere txapeldunak, Covid-19aren kontrako segurtasun neurri guztiak zorrotz beteta asteburuan jokatutako finalen ostean. Giro ederra bizi ahal izan zen Madalensoro pilotalekuan eta pilotariek ere euren aletxoa jarri zuten horretarako, Oarsoaldeako herrian jokatutako hiru partidak oso orekatuak eta maila handikoak irten ziren eta.

Lehen mailako finalean, Arregi-Huegun bikotea 25-21 nagusitu zitzaizkien Aizpuru-Erbururi eta are estua izan zen bigarren mailako partida, Gallastegi eta Etxeberria bikoteak tanto bakarraren aldearekin irabazi baitzien Eskudero eta Belokik osatutakoari. Hirugarren mailakoan ere txapelak azken azkenera arte ez ziren erabaki eta Zurutuza-Manterolarentzat izan ziren, amaieran Agirre-Mendigaini 25-23 gailenduta.

Nesken partida erakustaldia

Nabarmendu beharra dago aurtengo txapelketan 82 izan direla txapelketa honetan parte hartu duten bikoteak.

Erakustaldi gisa nesken partida bat ere jokatu zen eguna borobiltzeko eta bertako emaitza honakoa izan zen: Eizmendi ahizpak 18 / Galdos-Urdangarin 25.