Dabid Lazkanoiturburu

Indiak Kashmir amildegira eraman zuen urteurrena «ospatzen» du

Negu gorria bizi du Indiaren menpe dagoen Kashmir herrialdeak, New Delhik autonomia estatus berezia kendu zionetik urtea betetzen den honetan. Errepresio bortitzak ez du etenik eta egoera ekonomikoak, aspalditik larria denak, okerrera egin du. Kashmirrek urte oso bat daramate konfinamendurik latzenean. Noiz arte iraungo dute?

Paramilitar indiarrak Srinagar hiriburuko kaleetan. (Tauseef MUSTAFA -AFP)
Paramilitar indiarrak Srinagar hiriburuko kaleetan. (Tauseef MUSTAFA -AFP)

2019ko abuztuaren 5ean, asteazkenean urtebete, Indiako Gobernuak indarrez menpe duen Kashmir herrialdearen Autonomia Konstituzionala bertan behera utzi zuen.

Hinduzaleek «aberrazio historikotzat» dute Jammu-Kashmir eskualdearen estatus berezia, bere ikurra eta Konstituzio propioa onartzen diona. Narendra Modi BJP alderdi hinduzalearen buruzagiak iaz bigarren aldiz hauteskundeak irabazi ondoren hauteskunde-programan agindutakoa bete zuen.

Modi lehen ministroaren hitzetan, autonomiak «terrorismoa, separatismoa, nepotismoa eta korrupzioa baino ez ditu sortzen» eta bertan behera uztea «kashmirtarren onerako» izango zela agindu zuen.

Bapatean, herrialdea New Delhiren zuzeneko aginpean geratu zen. Jammu-Kashmir Estatua desegin eta Indiako Batasunaren lurralde bezala izendatu zuten, Indiako edozein Estatuk daukan baino konpetentzia gutxiagorekin. Hori nahikoa ez eta Gobernuak bitan banatu zuen lurraldea,  Jammu-Kashmir mendebaldera eta Ladakh ekialdera.

Antzinatik zatituta

Aurretik zatituta zegoen Kashmir. Indiak eta Pakistanek bi gerra egin dute gehiengo musulmana duen Himalayako antzinako Jammu-Kashmir printzerria nork eskuratu.  

1947ko Zatiketaren ondorioz bitan zatitu zen herrialdea. Gainera, Txinak ekialdeko eremu batzuk ditu bere kontrolpean.

1948an, bere lehenetariko ebazpen batean, Nazio Batuetako Erakundeak kashmirrek erreferendum baten bitartez bere iritzia eman behar zutela agindu zuen, baina Indiak ez du inoiz agindua bete.

Azken hiru hamarkadetan kashmirren autodeterminazio aldarrikapena borroka armatu bilakatu da. Indiak talde armatuak babestea leporatzen dio Pakistani.

Bi herrialdeetako Armadek elkarri tiroka aritzen dira noizean behin Kashmir zatitzen duen «mugan». 2019ko otsailean 40 paramilitar indiar hil ziren eraso suizida baten ondorioz eta bi aldeek hirugarren gerra bati ekiteko hortxe-hortxe egon ziren.

Errepresio bortitza

Kashmirren matxinadaren aurrean errepresio bortitza aukeratu du New Delhik. 1989tik hona, dozena mila hildako izan dira, gehienak zibilak.

Iazko estatus-aldaketak ere errepresioa areagotu zuen. Indiak milaka eta milaka errefortzu bidali zituen ordurako milioi erdi soldadu zituen herrialdera, mundu osoan militarizatuenetarikoa den herrialdera.

Biztanlegoari (7 milioi pertsona) etxetik irtetzea debekatu zioten hainbat asteetan. Elkarretaratzeak debekatuta daude oraindik. Telefono lineak, mugikorrak eta interneta blokeatu egin zuen New Delhik, Kashmir guztiz isolatuz.

7.000 persona atxilotu zituzten, hauen artean Jammu-Kashmirreko Exekutiboaren hiru buruzagi ohi. Ehunka izan diren gartzeleratuak, gehienak inolako kargurik gabe. Gehienek torturak eta tratu txarrak salatu dituzte.

Malaisia, Turkia eta NBEko Giza Eskubideen Batzordeko arduraduna den Michelle Bachelet kenduta, inork ez du txintik esan errepresio horri buruz. Indiak barne arazotzat du Kashmirrekoa eta auzia nazioartera eramatearen aurka azaltzen da.

Urtebete konfinamenduan

Egoera, gaur, gordina da kashmirrentzat. Kontrol militarrak nonahi, internetik gabe ia egun osoan…

Eragin ekonomikoa izugarria da. 2019 bukaeran milioi erdi lanpostu galdu ziren, bertako Merkatal Ganberak eman zituen datuen arabera.

Kashmir askorentzat bizirauteko aukera bakarra kalean eskean aritzea da.

Koronabirusaren pandemiaren ondoriozko konfinamendua aurreko konfinamenduari gehitu zaio eta jada dramatikoa zen egoera gaiztotu egin da. «Nire bizitzan makina bat salbuespen egoera eta greba orokor ezagutu ditut, baina azken urtean bizi duguna bezalakorik ez dut sekula ezagutu», dio negarrez lanik gabe dagoen eta bere seme tetraplegikoaren tratamendua ordaintzeko eskean ari den gizonak.

Ikasleek urtebete daramate eskolara joan ezinean.

Azken ikerketen arabera, kashmirtarren ia erdiak buru-arazoak ditu. Medikuek debekatuta dute horri buruz hitz egitea baina Srinagar hiriburuko sikiatra batek ohartarazi duenez, pandemiarekin izugarri gora egin dute norberak bere buruaz beste egiteko saiakerek, izu-krisiek eta estres postraumatikoaren sindromeek.

«Segurtasun-operazioek» bere horretan jarraitzen dute eta 2020 urtea aspaldiko odoltsuena izango den beldur dira giza eskubideen aldeko erakundeak.

Aurtengo lehen sei hilabeteetan, 229 hildako zenbatu ditu Indiak matxinoekin liskarretan. Iaz 283 izan ziren, hamarkadako kopururik handiena.

Poliziak ez die senideei hildako matxinoen gorpuak ematen, Indiaren aurka ehorzketa-manifestazio erraldoiak ekin nahian. Gorpuak ezkutuan eta urrutiko bazterretan lurperatzen ditu.

Indiak kashmirrek bere lurraldean dituzten eskubide berberak eskaini dizkie milaka kanpotarrei, lurra erosteko aukera tartean. Bertakoek salatu dutenez, herrialdeko demografia hankaz gora jartzea du helburu New Delhik, Kashmirrera hinduak eramanez.

Atzerriko konpainiei meatzeak ustiatzeko baimena eman die Indiak, ingurumena babesteko neurri guztiak errespetatu gabe.

Aginduak eta pazientzia

Urtebete igaro da eta New Delhik agindu zuenaren aitzitik, egoerak okerrera egin du Kashmirren.

Indiako gizarte zibilaren ordezkariek –tartean Kanpo Arazoetarako ministro ohi bat– osatzen duten batzorde batek aste honetan bertan salatu duenez, «Gobernuak duela urtebete iragarri zuen agindu bat bera ere ez da bete. Kashmir ez da Indiara gerturatu, ez da matxinadarekin amaitu eta ez da garapen ekonomikorik eman».

Historialaria den Siddiq Wahid-ek argi du «urte oso bat igaro bada ere, abuztuaren 5eko ekaitz hura ez dela baretu». Are gutxiago. Aditu honek ohartarazpen batekin amaitzen du. «Kashmirrak paretaren kontra jarri dituzte baina oker dabil betirako isilik jarraituko dutela uste duenak».