naiz

Pandemiak areago zamatu ditu emakumeak etxeko lanez, Emakunderen arabera

Emakundek argitaratutako txosten batek ondorioztatu du pandemiak areagotu egin duela batez ere emakumeek etxeetan ordaindu gabe egiten dituzten lanen zama. Lan ordainduaren esparruan ere, Emakumearen Euskal Erakundearen arabera, sektore feminizatuek ohi baino gogorrago egin behar izan dute lan.

Izaskun Landaida, Emakunderen txostena auzkezten. (EMAKUNDE)
Izaskun Landaida, Emakunderen txostena auzkezten. (EMAKUNDE)

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak “Berdintasuna pandemia garaian. Covid-19aren eragina genero ikuspegitik” txostena argitaratu du, covid-19aren pandemiak emakumeengan eta gizonengan izan duen eragin desberdina azaltzeko helburuz, bai eta erantzunak genero-ikuspegia kontuan hartuta egokitzeko gomendioak ere.

Pandemiak emakumeengan eta gizonengan nola eta zergatik eragiten duen aztertzen du lanak, ongizate emozionalean, familia-harremanetan, zaintzak bere gain hartzean eta abarretan dituen ondorioei dagokienez.

Ikerketak agerian uzten du zaintzaren arloan «re-familiarizazio» prozesu bat eman dela, hau da, emakumeek gizonen baliabideekiko duten dependentzia areagotu dela, eta horrek eragin asimetrikoa izan du.

Eragin hori desberdina izan da lanaren esparruan ere; izan ere, sektore feminizatuek (hala nola erizainek, erizaintzako laguntzaileek, garbitzaileek, zaintzaileek, adinekoen egoitzetako langileek edo administrari laguntzaileek) ohi baino modu gogorragoan egin behar izan dute lan, arrisku psikosozial handiagoei aurre eginez, eta, aldi berean, beren etxeetan ordaindu gabeko lanaren zama handitzen ikusi dute.

Bestalde, Lanaren Nazioarteko Erakundeak covid-19k lan-merkatuan izan duen eraginari buruz adierazi duen bezala, eragin hori larriagoa izan da emakume langileen artean gizonen artean baino, krisiak gehien kaltetu dituen sektore ekonomikoetako batzuetan (ostalaritzan, jatetxeetan edo merkataritzan, adibidez) duten gehiegizko ordezkaritzarekin lotuta baitago.

Emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, covid-19ren hedapena prebenitzeko eta arintzeko osasun-neurrien ondorioz, erasotzaileekin bizi ziren biktimek denbora-tarte luzeak igaro behar izan dituzte beren etxeetatik irteteko edo laguntza soziala edo instituzionala bilatzeko.

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidaren hitzetan, «covid-19ren pandemiak eta haren inpaktuek emakumeei eta gizonei desberdin eragiten dietela onartzea funtsezkoa da erantzun eraginkorra bermatzeko, pertsonengan zentratua eta generoarekiko sentikorra, inor atzean ez uzteko helburu argiarekin».