Asier ROBLES

Inspirarte, kaleak euskal literaturaz beteko duen proiektua

Inspirarte proiektuak 60 euskal esaldi literarioekin beteko ditu Bizkaiko 40 udalerri datozen hilabeteetan. Strom elkarteko gazteek sortutako egitasmo honek, euskal literatura modu berritzailean sustatzea du helburu. Bilboko Itsasmuseum-ean ekin diote proiektuari, Kirmen Uriberen esaldi batekin.

Ane Sagredo eta Amets Agirrebengoa Inspirarrte proiektuaren lehen esaldia margotzen. (Aritz LOIOLA/FOKU).
Ane Sagredo eta Amets Agirrebengoa Inspirarrte proiektuaren lehen esaldia margotzen. (Aritz LOIOLA/FOKU).

Euskal literatura ikustarazteko Inspirarte proiektua jarri dute gaur martxan Bilboko Itsasmuseum-aren aurrean Kirmen Uriberen ‘Ez eman hautatzeko. Hemen geratuko naiz. Olatu berde eta mendi urdinen artean’ esaldia marraztuz.

Bizkaiko udalerrietako kaleak euskal literaturako aipuz beteko duen proiektuaren lehenengo esaldi margoketa izan da. Proiektuak euskal literaturaren «gozamena eta erabilpena» sustatu nahi du ekimen «sortzaile eta berritzaile» baten bitartez, «euskal idazleek sortutako literatura euskaldunari indarra eta ikusgarritasuna emango diolarik».

Inspirarte proiektuaren bultzatzaileak Elkar Fundazioarentzako Siadeco enpresaren azterketari erreparatu diote euskal literaturaren egoerari buruzko argazki bat izateko eta arazoak ikustarazteko. Izan ere, datu horien arabera, gaur egun, %58 euskaldunek irakurle arruntatzat jotzen dute beren burua (gutxienez liburu bat irakurri dute azken hilabetean) eta multzo horretako %11k soilik irakurtzen dute maiz euskaraz.

Gainera, Euskal Herriko gazteriaren kasuan (18 urtetik 29 urtera) %78k sarritan irakurtzen duela dio baina bertako %8k bakarrik aukeratzen ditu euskarazko liburuak. Datu hauen aurrean, «metodo tradizionaletan oinarritutako ekimenak alde batera utzi eta jende gazteak kudeatutako iniziatiba desberdin eta berri bat» martxan jarri nahi izan dute Ane Sagredok eta Amets Agirrebengoak, Mariana Fernandez de Nograro eta Nacho Almendariz, LEINN graduko (Lidergo ekintzailea eta berrikuntza) ekintzaile gazteak eta Inspirarte proiektuaren sustatzaileak.

60 esaldi Bizkaiko 40 udalerrietan

Gradu horretako 16 ikaslek osatutako Strom gazte elkartetik sortutako egitasmoa Bizkaiko udalerriak esaldi literarioz betetzean datza. Horrela, «jendea kalera ateratzean, literaturaren atal txikiekin egingo du topo, gure kulturarenganako interesa handituko delarik», diote. Hurrengo hilabeteetan, 40 herritan 60 esaldi desberdin margotzeko asmoa dute. Esaldiez gain, egilearen zein lanaren izena eta proiektuko web orri ofizialera eramango duen QR bat jarriko dute.

Lehenengoa Bilboko Itsasmuseum-ean egin dute gaur, Kirmen Uriberen ‘Ez eman hautatzeko. Hemen geratuko naiz. Olatu berde eta mendi urdinen artean’ esaldiarekin. Berez, proiektua maiatzean hastea aurreikusita zuten, baina koronabirusaren krisia dela eta, atzeratu egin behar izan dute, baina dagoeneko esaldi batzuk zabaldu dituzte Instagram bidez.

«Litaraturaz gain, esaldi eta lan hauen atzean dauden Euskal Herriko idazleei ikusgarritasun pertsonalago bat eskaini nahi diegu, bai euskaraz bai gazteleraz idazten dutenei. Gaztelaniazko esaldiak euskarara itzuliak izan beharko dira. Gure proiektuak Euskal Herrian kultura sortzen duten pertsonei garrantzia eman nahi die, idazle, poeta, nobelagile zein kazetariei. Haiek haien egunerokoan gure kulturaren alde literario hau bizirik jarraitzen laguntzen dute», azaldu dute Sagredok eta Agirrebengoak.

Elkarlana eta esaldietarako arauak

9 hilabete iraungo dute esaldiak margotuta, eta arau batzuk bete behar dituzte, hala nola, gehienez 80 karaktere izatea; drogen kontsumoa, suizidioa edota edozein ekintza bortitzari apologia ez egitea; eta mezu arrazistarik, xenofoborik, matxistarik edota edozein kolektibo (LGTB+, dibertsitate funtzionala, etab.) gutxiesten duen esaldia ez izatea.

Esaldiak pintatzeko erabiliko duten materialari dagokionez, udaletxearen zein udalerriaren legediaren arabera hartuko dute erabakia. Hala ere, haien aukera nagusia «kolore zurizko kanpoko margo ez-labaingarri tradizionala» dela adierazi dute.

Esaldi literarioen pilaketari dagokionez, hainbat elkarteren laguntza dute, hala nola, Euskal Idazleen Elkartea, Nafarroako Idazleen Elkartea, Euskadiko Idazleen Elkartea eta elkarteetatik kanpo dauden zenbait idazlek. Gainera Elkar Fundazioaren eta euskal Editoreen Elkartearen laguntza eta finantziazioa ere dute proiektua aurrera eramateko.

Hasiera batean Bizkaia mailan burutuko da proiektua, baina ez dute baztertzen etorkizunean Euskal Herriko gainerako lurraldeetara zabaltzea.

Webgunea eta sare sozialak

Proiektuak web orri pertsonala izango du. Bizkaiaren mapa bat izango du eta bertan adieraziko dira esaldi guztien lokalizazioak. Gainera, bilatzaile bat ezarriko da, aipuak, idazleen izenak zein hitz gakoak bilatzeko aukera emango duena eta esaldi konkretu hori non dagoen begiratu ahal izango da eta idazlearen zein lanaren inguruko deskribapen edo gogoetaren bat azalduko da.

Gainera, garrantzi handia eman nahi diete sare sozialei, eta Instagram-ek eta Facebook-en zabalduko dute proiektuaren profila. Bertan, proiektuaren inguruko eduki desberdinak igoko dituzte.