Zigor Blanco presoa Galizatik Asturiasera hurbilduko dutela iragarri dute

Espetxealdia oso aurreratua duen Zigor Blanco presoa zertxobait hurbilduko dute: A Coruñako Teixeirotik Asturiaseko Villabonara hain zuzen ere. Trapagarangoa da. Etxetik 600 kilometrotara zuten eta 250 ingurura egongo da aurrerantzean. Bere bikotekideak jada istripu bat jasan zuen Teixeiroko bidean.

NAIZ|2020/08/05
Villabona
Asturiaseko Villabonako kartzela.

Espetxe Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak jakitera eman duenez, A Coruñako Teixeiron dagoen Zigor Blanco Santesteban presoa 350 kilometro inguru hurbilduko dute Euskal Herrira, Asturiaseko Villabonara eramanez. Honela «bere lotura familiarretatik gertu» egongo dela aipatu du, nahiz berez Basauri edo Zaballa liratekeen espetxe hurbilenak.

Erakunde honek azaldu duenez, 2003. urtetik kartzelaraturik dago Blanco eta 20 urteko zigorra ezarri zitzaion. Oso aurreratua du kartzelaldia, beraz, hurbiltzen ari diren preso gehien-gehienak bezalaxe.

Bidai luze horien ondorioz jada istripu bat izan zuten haren hurbilekoak. Honela laburbildu zuen Etxeratek: «Zigor Blanco (Trapagaran) eta Andoni Murga (Bilbo) preso politikoen bikoteek eta Sebas Prieto (Bilbo) presoaren bi lagunek benetako ezbeharrean buka zezakeen arazoa izan zuten atzo kotxearekin. Teixeiroko (A Coruña) kartzelara bisita egitera zihoaztela Torrelavega inguruan (Kantabria), bidaiatzen ari ziren kotxea ke ugari botatzen hasi zen ihes-hoditik. Gelditzeko saiakera egin zuten baina kotxeko martxek ez zuten obeditzen. Urduritasun handiko unea bizi izan zuten, baina azkenean kotxea geratu eta errepide bazterrean aparkatzea lortu zuten. Haatik, motorra itzaltzeko arazoak izan zituzten eta kotxetik urrundu behar izan ziren botatzen zuen ke handia zela-eta».

Mugimendu hauen aurka egin du Vox-ek, eta Barne ministroari Kongresuan azalpenak ematea eskatu dio. GARAk igandean argitara eman zuenez, 54 dira Pedro Sanchezen gobernu ezberdinek hurbildutako euskal presoak, azkeneko bi urteotan. Hala ere, oso gutxi Euskal Herriratu ditu, Etxeratek behin eta berriz salatu duenez: esaterako, pasa den astean Onintza Ostolazari eta Urtzi Errazkini GARAk eginiko elkarrizketa honetan.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK