Martin Garitano
Martin_garitano
Gaur pixka bat erretiratuko naiz
2020/08/06

Hau ez da Matusalenen agurra, nahiz eta ikusi eta bizi izandakoaren argitan irudi dezakeen.

1984ko martxoan –urteak dira, bai– ‘Egin’-eko ahalegin kolektiboarekin bat egin zuen gaztearen agurra da. ‘Egin’, herriaren borondatetik sortutako ezinbesteko proiektu informatiboa. Herriaren alde eta herriarentzat.

‘Egin’-en kazetaritza ikasi zuen. Azurmendi, Erauskin, Salutregi eta tintontzian eta ariman geratzen diren beste hainbat profesional bikainen eskutik.

Eta ‘Egin’-en, garai zailetan, izugarri sufritu zuen Pakito El Salvadorren erori zenean eta Santi bere kontsultan; Galdeano Urdazurin eta gure Josu Alcala hotelean hil zituztenean. Izan ere, kazetaritza zintzoa muturreko baldintzetan egitea ez da lan erraza. Negar asko egin ohi da.

Eta horrela pasatzen da denbora. Hogeita hamasei urte ia bizitza bat da, eta informatzeko eta iritzia emateko lan ohoragarriari eskaini dizkio gorputz eta arima. Entretenitu ere egin behar da, hori atsegingarria baita jendearentzat.

Ia lau hamarkada alaitasun askorekin eta tristuraren batzuekin –ez dago alde bakarreko txanponik–. Aukera ordainezina eman dit horrek denak jende zoragarria ezagutzeko, eta doilor bat pertsona zintzoarengandik, nahiz eta desberdin pentsatu, bereizten ikasteko.

Beste garai batean ere, Foru Aldundiaren buruan, gozo eta mingots bizitzea egokitu zitzaidan, eta jende aparta ezagutu eta haiekin tratatu eta lan egitea. Lau urte, zalantzarik gabe aberasgarriak, parentesi gisa kazetaritzako bizitza oso batean. Eta Indurainek zioen bezala: hor egon gara.

Gero Garzon etorri zen eta korapilatu egin zen.

Gaizkileak, estolderia eta jauregiengatik ongi ordaindua, ihes egin berri duenak lausengatua, atutxatarrek eta ardanzatarrek txalotua, dena hautsi nahi izan zuen, herri batek eraikitakoa txikitu. Eta, azkenean, bera izan zen kaskezurra hautsi zuena, ‘Euskadi Informacion’-ekin talka egin baitzuen, GARA kazetaritzaren marka handien eskalinata igotzeko mailak jarri zituen talde-lanaren beste adibide bat.

GARA izan da, da eta izango da nire etxea, guztion artean eraikitzen duguna; etorkizun baketsua, ezker solidarioa, independentzia, feminismoa eta ekologia erradikala amesten dugun guztiok hartzen gaituen etxea.

Gaur pixka bat erretiratuko naiz. Urte asko dira, eta alde batera egiten jakin behar da, belaunaldi berriek, balio berriek, gazte gogotsu haiek –agian ausartegi samarrek– hasitako zereginarekin jarrai dezaten; izan ere, haiek ez zuten amore eman herri gisa ukatzen gintuen eta klase gisa zapaltzen gintuen Estatu berez faxista batekin.

Egia esan, ez naiz joango. Hemen jarraitzen dut neure ilusio eta ametsekin, baina neure mahaia eta idazmakina uzten diet indar berrituekin datozenei, ahalegin honetan bultzatzeko prest.

Ez naiz joango, nahi duenak jakingo duelako non aurkitu eta nire ekarpen xumea izango duelako edonon. Argi eta garbi esan zuen Sarrionaindiak: «Nekez uzten du bere herria sustraiak bertan dituenak».

Pozik uzten zaituztet GARA kioskoan eta NAIZ pantailan daudelarik. Denbora honetan guztian idatzi dudan zerbait irakurri dutenei eskerrak baino ezin dizkizuet eman, eta nire lagunei besarkada bat eta musu bat.

EGIN genuelako GARA.

Martin Garitano Larrañaga
(Artikulu hau Maite Soroak, Kepa Jauregik, Ainhoa Irulegik, Olasok eta beste askok ere sinatzen dute)