NAIZ

Pedro Leonek beste urte baterako kontratua sinatu du Eibarrekin

Murtziarrak datorren 2021eko ekainaren 30era arte luzatu du kontratua armaginekin. Modu honetan, bosgarren denboraldia jokatuko du Jose Luis Mendilibarren agindutan.

Pedro Leon armagin bezala jarraituko du beste urtebete. (SD EIBAR)
Pedro Leon armagin bezala jarraituko du beste urtebete. (SD EIBAR)

Eibarrek eta Jose Luis Mendilibarrek jokalari garrantzitsu bat lotu dute denboraldi berrirako. Pedro Leon (Mula, 1986) 2016ko udan heldu zen Eibarrera, Getafen oso itxura ona eman eta gero, eta orain beste urte baterako sinatu du talde armaginarekin. Heldu zenetik, 91 partidu ofizial jokatu ditu kamiseta armaginarekin (89 Ligakoak eta hiru Kopakoak), eta 14 gol sartu ditu guztira.

Bere urterik onena lehenengoa izan zen. 37 partidatan hamar gol sartu zituen –profesional bezala lortu duen zifrarik handiena–, baina lesioak medio, bere eboluzioa geldituta egon zen hurrengo bi denboraldietan, partida gehienak etxetik edo harmailetatik ikusi behar izan zituela.

Amaitu berri den denboraldian, aldiz, frogatu zuen atzean utzi dituela lesio guzti horiek. Azken sasoian 31 partidu jokatu zituen, horietatik 23 hasierako hamaikakoan.

Kontratu berria sinartu ostean, murtziarrak honakoa adierazi du bere Twitter kontuan: «Plazer bat da 17 urte betetzea Ligan Eibarrekin. Eskerrik asko armagin eta jarraitzaile guztiei hainbeste maitasun emateagatik».

Eibarrek jokalari garrantzitsua lotu du Pedro Leonekin, baina beste jokalari batzuk galdu ditu datorren denboraldirako: Gonzalo Escalante, Fabian Orellana, Ivan Ramis, Charles edota De Blasis.