NAIZ
DONOSTIA

Tabakalerak 2021eko proiektu artistikoak garatzeko egonaldien deialdia zabaldu du

Tabakalerako Sortzaileen Guneak artistei babesa eman asmoz, datorren urterako egonaldien deialdia zabaldu du beste urte batez. Epea datorren irailaren 21era arte egongo da zabalik.

Egonaldi artistikoak egiteko epea ostegun honetan zabaldu da (TABAKALERA).
Egonaldi artistikoak egiteko epea ostegun honetan zabaldu da (TABAKALERA).

Tabakalerak bere egonaldi-programaren 2021eko edizioan parte-hartzeko deialdia ireki berri du, ostegun honetan bertan jakinarazi duenez. Deialdi honen xedea, arte-proiektuen ekoizpenerako egonaldi bat eskaintzea da eta, gogorarazi dutenez, deialdiak «izaera desberdinetako proiektuak ditu helburu, honen arte-diziplina edo formatua kontuan hartu gabe».

Deialdian parte hartu ahal izango dute Euskal Herrian bizi diren artista edo eragile kulturalek, bai eta beste herrialde batean bizi direnek ere. Aurkeztutako proiektu guztietatik lau proposamen aukeratuko dira.

Espazioa eta baliabideak

Egonaldiak proiektu artistikoa garatzeko espazioa eta baliabideak eskaintzen ditu, eta lau eta zortzi aste arteko iraupena izango du. Horrez gain, Tabakaleran bertan arte garaikideko kideen laguntza ere izango dute hautatutako egitasmoek beren proiektuak eta egitasmoak garatzen laguntzeko.

Egonaldia 2021eko urtarrilaren 1etik eta martxoaren 14ra bitartean garatuko da. Bidali beharreko dokumentazioari eta bestelako baldintzei buruzko informazio zehatza www.tabakalera.eu webguneko Sortzaileen Guneko atalean kontsulta daiteke.