naiz

Turismoarekiko «apustu itsua» salatu eta pandemiak kaltetutakoen alde egin du EH Bilduk Donostian

"Covid tasa" bat ezartzea proposatu du Donostiako EH Bilduk, merkataritza kate handiei udal zerbitzuengatiko tasak %5 igoaraziz. Pandemian kalteak jaso dituzten enpresentzat, aldiz, hobariak proposatu ditu. Turismoaren aldeko apustua «itsua» dela agerian gelditzen ari dela erantsi du.

Turistak, Donostiako Parte Zaharrean. (Gorka RUBIO / FOKU)
Turistak, Donostiako Parte Zaharrean. (Gorka RUBIO / FOKU)

Donostiako EH Bilduk turismoari, enpresa edo establezimenduei eta kulturari bideratutako hobari eta kenkarien proposamen sorta bat bildu du. Guztira, 17 arau-proposamen eta 5 zuzenketa erregistratu ditu 2021eko Ordenantza Fiskalen eztabaidari begira.

Proposatu du udal-zerbitzu guztien udal-tasak %25 jaistea pandemiak iraun bitartean euren egoera ekonomikoak okerrera egin duen eta 2019an errenta erabilgarria 30.097€ baino txikiagoa izan duten (errenta gutxien duen Donostiako auzoko batezbesteko errenta da) udalerrietan.

Hobari hauek oinarritzat dute maiatzaren 12ko 3/2020 Foru Dekretu Araua, zeinak aipatzen duen toki erakundeek indartu ditzaketela covid-19ak kaltetutako kolektiboei begirako hobariak, jasandako kalteak arintzen laguntzeko.

Era berean, «pandemiaren ondorioei aurre egiteko eta inor atzean ez uzteko» "Covid tasa" bat ezartzea proposatu du. Horrela, mahai gainean jarri du udal zerbitzuengatiko tasak %5 handitzea merkataritza kate handiei, covid-19 osasun krisiaren garaian %10etik gorako etekinak izan badituzte. Enpresa handiei zuzendutako zerga hau gutxienez hurrengo bi urteetan izango litzateke indarrean, zehaztu dutenez.

«Asmoa da enpresa horiek ekarpen solidarioa egitea gizartearentzako zerbitzuak diruztatzen laguntzeko», agertu du.

Turismoa eta kultura

Ildo beretik, EH Bilduk turismoari balaztak jartzeko proposamenak bildu ditu, uste baitu pandemiak turismo-sektorearen ahultasuna agerian utzi duen arren, EAJk eta PSEk sektore hori indartzeko «apustu itsuarekin» jarraitzen dutela, «beste sektore egonkor eta iraunkorrago batzuen kaltetan».

Zentzu honetan, defendatu du establezimenduen eta lokalen irekiera eta kontrol-zerbitzuak emateagatiko tasa %5 handitzea 500 m.-tik gorako establezimenduei, eta kopuru honetatik abiatuta, gainerako establezimenduen kuotak proportzionalki ezartzea.

Bestalde, kulturaren sektorea pandemiak gehien kaltetu duenetako bat izaki, EH Bilduk tokiko sortzaileak lagundu nahiz euskararen erabilpena sustatzeko neurriak jaso ditu. Besteak beste, proposatu du OHZren (Ondasun Higiezinaren Zerga) kuotaren %100eko hobaria ematea alokairu sozialean bizi eta urtean 25.500 eurotik beheragoko errenta dutenei, eta % 90ekoa errenta zaharrei, Gizarte Laguntzak jasotzen ari diren kasuetan.